INFO

Kalez jantzitako polizien jazarpena salatu dute hiru gaztek

Leioako campuseko bi ikaslek eta beste gazte batek ikasturte honetan zehar kalez jantzitako polizien jazarpena jasan dutena salatu dute. Kolaborazio eskaerak, mehatxuak eta deiak salatu dituzte, besteak beste.

Poliziaren jazarpena salatzeko agerraldia egin dute hainbat gaztek. (Gedar.eus)

Leioako campusean ikasten duten zarauztar batek eta donostiar batek, eta Ordiziako hirugarren gazte bat dira poliziaren jazarpena salatu dutenak, Gedar Langile Kazetak zabaldu duenaren arabera.

Azaldu dutenez, hiru gazte horiek kalez jantzitako polizien mehatxuak, jarraipenak, deiak, xantaiak edota kolaborazio eskaerak jasan dituzte aurtengo ikasturtean zehar.

Horietako batek kontatu duenez, kalez jantzitako poliziek beraiekin toki isolatuetara joatera behartu zuten hainbat aldiz, eta deiak eta jarraipenak hainbat hilabetez luzatu ziren. Horrekin bukatzeko bide bakarra kolaboratzea zela esan zioten, «izenak ematea, etorkizunean egin zitezkeen ekintzen berri ematea, etab.».

Beste gazteetako batek azaldu duenez, udaberrian hasi ziren jarraipenak eta poliziak bere «ikasle pisuko atariraino» joan ziren, «preso politikoen aldeko ekimen bateko gertarkarien harira mehatxi eginez: unibertsitatetik botako nindutela, sekulako isuna jarriko zidatela...». Neska honi etxera telefono deiak ere egin zizkioten.

Gedar-ek jasotzen duen hirugarren testigantzan jasotzen denez, gazteak auto istripua izan zuen behin, polizia atzetik zuelako jarraipena egiten. Dei anonimoak ere jaso zituen ondoren, eta haietako batean «komisariatik pasatzeko gonbidapena egin zidan deitu ninduenak».

Hiru kasu hauek «mugimendu independentista eta sozialistaren parte diren militanteek» historikoki jasan duten jazarpenaren baitan kokatu dituzte.