INFO

«Korapiloak askatzeko unea» dela aldarrikatuko du Sarek larunbatean Gasteizen

Larunbatean, Gasteizko jaien testuinguruan, «Korapiloak askatzeko unea da, denok batera presoak etxera» lelopean izango den manifestazioa aurkeztu du Sarek. 19.00etan hasiko da Andra Mari Zuriaren plazan.

Gaurko agerraldiaren argazkia. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Datorren larunbatean, Gasteizko jaien testuinguruan, «Korapiloak askatzeko unea da, denok batera presoak etxera» lelopean izango den manifestazioa aurkeztu du Sarek Arabako hiriburuan egindako agerraldian.

Bertan Joseba Azkarragak eta Blanca Martinez de San Vicentek «garai berri bat» ireki dela gogoratu dute. «ETAren desagerpenak, presoen kolektiboak hartutako erabakiak eta emaniko urratsak, Ipar Euskal Herriko Bakegileek Estatu frantsesarekin abiatutako prozesuak eta baita, hemen, Hegoaldean lortutako babes instituzional, politiko, sindikal eta sozialak egoera berri bati ateak zabaltzeko aukera ezin hobea sortu dute», adierazi dute.

«Urte luzeetan sortu diren min eta korapiloak askatu eta elkarbizitzarantz eta bakerantz bidea egiteko aukera dugu esku artean. Ekin diezaiogun bide honi guztiok batera. Izan ere, gutako bakoitza auzi honi aterabidea emateko subjektu aktibo izatea ezinbestekoa da. Eta elkarbizitzaren alde pausoak emango ditugun pertsona multzo horren barruan sartzen dira ere euskal presoak eta herri honetan jasandako indarkeria mota guztiek sortutako biktima oro», gaineratu dute.

Eskaera Madrilgo Gobernuari

Halaber, Gobernu espainiarrari dei egin diote, «Gobernu eratze arazoak ez daitezela aitzakia bihurtu egungo espetxe politika mantendu eta sufrimendua baino eragiten ez duen egoera hau luzatzeko. Iazko ekainean adierazi zuten moduan, euren konpromisoak bete ditzatela eskatzen diogu; hainbatetan adierazi duten moduan, espetxe politika honen aldaketa praktikara eraman dezatela».

«Ausardia eta ardura eskatzen diogu Gobernuari. Mendekuan oinarritutako espetxe politika honen amaiera ekarriko duen bidean lagun izango gaituzte, ez ordea sufrimendua luzatzen jarraitzea erabakiz gero. Jendarte honen gehiengoak argi adierazi du azken urte hauetan zein den bere nahia, baita berau ordezkatzen duten instituzioek ere. Sarek bost urte hauetan luzatutako eskariak, gehiengo baten eskariak dira: urruntze politikaren amaiera, larriki gaixo diren presoen etxeratzea, eta egoera hau ahalbidetzen duen salbuespeneko legedia bertan behera geratzea», nabarmendu dute.