Guztira 566 ekitaldi programatu dituzte Bilboko konpartsek aurtengo Aste Nagusirako
Aste Nagusiaren edizio honetarako, guztira 566 ekitaldi programatu dituzte Bilboko konpartsek. «Haurrentzako programazioa eta ekitaldi kulturalak dira gure aurtengo apostuak», adierazi dute.
Aste Nagusiaren edizio honetarako, guztira 566 ekitaldi programatu dituzte Bilboko konpartsek. «Ohi legez, kalitatea, kantitatea, doakotasuna, parte-hartzea eta adin eta gustu denak asetzea bilatu dugu Aste Nagusiko ekimenak prestatzean», adierazi dute, eta beste behin, jai-eremua kulturaz eta kirolaz beteko dutela iragarri dute, «jendearen lanari eta parte-hartzeari esker. Izan ere, bilbotarrak dira jai erraldoi hauek posible egiten dituztenak».
Gaurko agerraldian azaldu dutenez, «txikiak izango dira jaietako protagonistetako batzuk». «Karpatxo eta Mekanitxin pertsonai berriak iaz ibili ziren haiekin, bihurri eta alai, gure jarduerak eta jai-eremua girotzen, Ripan, Areatzan, Arriagan eta abar. Aurten ere, jaiez gozatu gura duten ume eta gaztetxo denek disfrutatu ahal izango dute hainbat eta hainbat ekintzatan, Karpatxo eta Mekanitxinen eskutik: goitibehera- eta serigrafia-tailerrak, Irrien Lagunen antzezlana, erraldoi izateko Ondalanek eskainiko duen aukera, kartoi-banda eta umeen kalejira, 'sortu zure txosna' ekimena, eta txikien saio gastronomikoak, galdu nahi izango ez dituzuen beste batzuen artean» nabarmendu dute, eta Gargantuaren etorrera iragarri dute.
«Urteotan Arriagarako bisita egin gabe ibili da erraldoi ume-jatuna. Baina aurten, Mari Jaiaren gonbidapen zuzena jaso du Gargantuak, 165 urte beteko baitu. Hala, prest egongo da hurbilduko diren ume denak irensteko».
Aurten, seigarren urtez, adin denetako bilbotarrek goitibeheren jaitsierari ekin ahal izango diotela azpimarratu dute. Lehenengo igandean, edonork izango du Zabalbide kaleko bihurgunetatik maldan behera botatzeko aukera, «errodamenduzko eta egurrezko goitibehera tradizionalez zein Bat Formulakoez». Gainera, Konpartsakidetu! ekimenaren barruan, goitibehera-tailerra izango da helmugan, Kontsuletxearen plazan; bertan, txikienek nork bere goitibehera egin ahal izango dute, egunean bertan jaitsiera txikian estreinatzeko.
«Oztopoak oztopo»
Halaber, konpartsek «urtero legez, eta Udalak interes pribatuen alde ipinitako oztopoak oztopo», aurten ere beteko dute Ripako kaia uraren inguruko jarduerez: puzgarriak, waterpoloa, uraren kalitatea, zenbait tailer eta hainbat ezusteko.
«Badakigu ere, Gastronomikoak txiki zein nagusientzako proposamen gustagarriak dakarzkigula. Aski ezagunak dira gure artean Areatza lapikoz eta koadrilez betetzen dituzten patata-tortilla, txipi, bakailao, marmitako, buztan gisatu eta patatak saltsa berdean, denak ere lehiaketa gastronomikoaren parte. Horrekin batera, ohiko gastrotxiki-gunea izango da, eta baita hainbat dastaketa eta tailer ere», gaineratu dute.
Eta, esan dutenez, «horrelako otordu oparo eta mahai-inguru luzeen ostean gorputza astintzeko aukera eta gogoa duenak ere izango du aukera gurean kirolari ekiteko». «Badaude parrandarekin maridaje ederra egiten duten ekintzak, hala nola hamaika kategoria desberdinetan izena eman duten ia bi mila korrikalarik kolorez jantziko duten Hiri Krosa, berriro ere Ripako oztopoek baldintzatu arren».
«Musika eta kiroletik aparte jaiak ere badirela frogatuko dugu aurten ere, publiko fidela daukaten hainbat ekintza patxadatsuen bidez. Xakea Aste Nagusiko jarduera beteranoetariko bat da, erabat egonkortua; jai-eremuko hainbat gunetan jokatu eta gozatu ahal izango da igandetik aurrera. Iazko xake bizidunaren arrakasta ikusita, aurten historiako xake-partida famatuenetariko bat antzeztuko dugu. Baietz zaleok asmatuko duten zein den! Bestalde, mahai-jolasek ere izaten dute bere lekua Aste Nagusian. Igande bietan Blood Bowl, Open Magic eta Warhammer jolas ezagunetan jolastu ahal izango da. Beraz, ez izan zalantzarik: jaitsi zure kartak, taldeak edo armadak eta gozatu!», azpimarratu dute.