INFO

James Franco berriro Sail Ofizialean, «Zeroville»-rekin

«The Disaster Artist» (2017) filmari esker Urrezko Maskorra irabazi ondoren, James Franco berriro izango da Zinemaldiko Sail Ofizialean, oraingoan «Zeroville» filmarekin. Urrezko Maskorraren lehian ariko dira baita ere Louise Archambault, Guillaume Nicloux, Jose Luis Torres Leiva, Ina Weisse, Adilkhan Yerzhanov eta David Zonana.


“The Disaster Artist” (2017) filmarekin Urrezko Maskorra irabazi ondoren, James Franco estatubatuarra berriz izango da Sail Ofizialean. Oraingoan “Zeroville” dakar, Steve Ericksonen izen bereko eleberriaren egokitzapena: 60ko hamarkadako Hollywood aldakorrean girotutako fikzio lana da eta Franco bera da filmeko protagonista. Antzezle taldean Megan Fox, Seth Rogen, Will Ferrell, Jacki Weaver eta Dave izan ditu lagun.

Francoz gainera, Zinemaldian sekula lehiatu ez diren sei zinemagileren lanak ere hartuko ditu 67. edizioak: Louise Archambault, Guillaume Nicloux, Jose Luis Torres Leiva, Ina Weisse, Adilkhan Yerzhanov eta David Zonana.

Louise Archambault (Montreal, Kanada, 1970) “Il pleuvait des oiseaux” filmarekin lehiatuko da. Jocelyne Saucier idazlearen izen bereko eleberria oinarri hartuta, patu gurutzatuei buruzko kontakizun horrek agerian utziko digu maitasunak ez duela adinik, eta bizitza ustekabean berritu daitekeela. Zinemagilearen hirugarren lan luzea da.

Bere aldetik, Guillaume Niclouxek (Melun, Estatu frantsesa, 1966), “L’enlèvement de Michel Houellebecq” (2014) filmean agertu zuen gogo urratzaileari eutsirik, berriro ere kameraren aurrean jarri du idazle frantziar ezaguna. “Thalasso” filmean bere burua interpretatu du, eta Gerard Depardieu izan du antzezkide. Talasoterapia zentro batean elkar ezagutuko dute, eta establezimenduko osasun erregimen zorrotzean aurrera ateratzen saiatuko dira, baina hainbat gertakarik hankaz gora jarriko dute zentroko errutina.

Maitasuna eta obsesioak

Jose Luis Torres Leivak (Santiago, Txile, 1975) Cesare Paveseren olerki baten izena jarri dio “Vendrá la muerte y tendrá tus ojos” filmari. 2016an Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroko proiektuetako bat izandako lan horrek bi emakumeren arteko maitasun harremanaren berri emango digu, haietako baten bizitzaren azken uneetan. Amparo Noguerak eta Julieta Figueroak antzeztu dituzte pertsonaiak.

“Dars Vorspiel” lana Ina Weisse (Berlin, Alemania, 1968) aktore eta zuzendariaren bigarren filma da, “Der Architekt” (2008) sarituarekin kamera atzean debuta egin ondoren. Aukera honetan, biolin irakasle baten istorioa kontatuko digu; ikasle batekin obsesionatu eta, azkenean, bere familiari baino arreta handiagoa emango dio. Filmaren protagonista Nina Hoss da.

Adilkhan Yerzhanov (Zhezkazgan, Kazakhstan, 1982) zuzendariak Cannesko zinema jaialdian aurkeztu zituen “The Owners” (2014), Emanaldi Berezien barruan, eta “The Gentle Indifference of the World” (2018), Un Certain Regard sailean estreinatua. Orain, Donostian lehiatuko da “A Dark-Dark Man” lanarekin. Kazakhstango herrixka batean hildako haur baten heriotza ikertzen ari diren polizia bat eta kazetari bat dira filmaren ardatzak.

Azkenik, zenbait film labur zuzendu ondoren, bere lehen film luzea ekarriko du David Zonanak (Mexiko Hiria, 1989): “Mano de obra”. Opera prima horretan, aktore profesionalak nahiz amateurrak bildu ditu antzeztaldean, laneko prekaritatea pairatzen duten eraikuntzako langile batzuen noraeza irudikatzeko.

Sail Ofizial osoa

Filmok Urrezko Maskorra irabazteko lehian izango dira, aurretik iragarritako beste hiru lanekin batera: “La trinchera infinita” (Aitor Arregi, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga), “Mientras dure la guerra” (Alejandro Amenabar), “La hija de un ladrón” (Belen Funes). Gainera, “Diecisiete”-k (Daniel Sanchez Arevalo) lehiaketaz kanpo parte hartuko du, eta “La odisea de los giles”-ek (Sebastian Borensztein) emanaldi berezia izango du.

Hurrengo asteetan, 67. edizio honetan (irailaren 20tik 28ra) Sail Ofiziala osatuko duten gainerako filmak jakinaraziko ditu Zinemaldiak.