INFO

Oihu bat hondartzetan, «senideen mina zigor gisa» ez luzatzeko

Hendaia, Lekeitio, Ondarroa, Ea, Bakio, Mutriku, Zarautz, Orio... Euskal kostaldeko 14 hondartzetan garrasi bat aditu da gaur eguerdian: «Euskal presoak, etxera! Dispertsiorik ez!». Etxerateko senideek «babes eta maitasun osoa» adierazi diete heldu den irailaren 16an «presoen eskubideen alde lan egiteagatik epaituko dituzten» 47 euskal herritarrei ere.

Etxerateko senideak, Donostiako Kontxako hondartzan. (Andoni CANELLADA/FOKU)

This browser does not support the video element.


Etxeraten oihua aditu den 14 hondartzetako batean, Donostiako Kontxan, izan da NAIZ, senideekin Nautikotik Perlarainoko bidea egiten, eta handik buelta, udaletxearen aitzinean borobil bat osatuz amaitu arte. ‘Euskal presoak, etxera!’ eta ‘Ez, ez, ez, dispertsiorik ez!’ egin dute garrasi martxa osoan, bainatzen, paseatzen edo norian buelta bat ematen ari zen jendearen artean.

Noria paisaiaren parte izan da ibilbide osoan, astebururo presoak 40 minutuz ikusteko senideek egin behar dituzten joan-etorri amaigabeen metafora bailitzan. Ikurrina, banderola edo pankartei eusten zieten gurasoek 1989ko dispertsio izugarria hagitz presente dute oraindik. «Ez zuten esaten senideak nora eramaten zituzten eta 8-10 egun egoten ginen non zeuden jakin gabe».

Orduan hasi ziren familiak antolatzen, kartzela urrunetara joateko eta elkar zaintzeko. Ordutik preso batzuk atera dira baina 248 lagunek barrenean jarraitzen dute oraindik. «Adinak ez du barkatzen» eta guraso aunitz seme-alabak kalean ikusteko ilusioarekin bizi dira. Urte pila dira eta jendea ez al den presoez ahantziko ere kezka handia dute. «Orain arte erakundeek baino gehiago lagundu digu gizarteak eta kalean, gizartean dugu konfiantza», adierazi dio NAIZi ama batek. Alaba 1998an utzi zuten aske, baina Etxeraten jarraituko du amak amaierara arte, ez duelako pasatu zuena ahazten.

Aurtengo balantzea

Naike Diez Etxerateko bozeramaileak aurtengo balantzea egin du: «Jadanik sei istripu gertatu dira, euskal preso politikoen 13 senide izan dira istripu horien protagonista, haien artean 23 hilabeteko haur bat». Oroitu du dispertsioa martxan jarri zenetik, duela 30 urtetik, 344 kotxe istripu geratu direla bisitetara bidean; 16 lagun hil dira eta 937 pertsona (tartean haurrak) zauritu dira, batzuk ondorio larriekin».

Nabarmendu duenez, «Estatu espainolak zigor gehigarri gisa mantentzen du senideen sufrimendua, horregatik etorri gara hondartzetara. Aurrera egiteko, konponbideak emateko eta bakeari, bizikidetzari eta etorkizunari ekarpenak egiteko garaia da; hala ere, Estatu espainolak gure egoera zigor gehigarri, xantai eta mendeku gisa mantentzen du».

Uda honetan Jose Angel Ochoa de Eribe aske gelditu da bere eritasun larriaren aurkako tratamendua jasotzeko. Baina bertze 20 senide oraindik espainiar eta frantziar kartzeletan daude gaixotasun larriekin. «Beren inguruetara itzuli behar dute inolako baldintzarik gabe era egokian tratamendua jaso ahal izateko», azpimarratu du Diezek.