«Setioaren aurkako» herri harresi bat, aurreikusita zegoen zazpi elkarretaratzeen ekimenaren ordez
G7 Ez eta Alternatives G7 plataformek bihar egitekoa zuten zazpi elkarretaratzeen ekimena bertan behera uztea erabaki dute, «lekuz kanpoko» indar polizialen dispositiboak ez duelako parte hartzaileen «segurtasuna eta integritatea» bermatzen. Horren ordez, «setio egoera eta manifestazio eskubidearen urraketa salatzeko» herri harresi gisako ekimena antolatu dute.
Ohar baten bitartez, azken orduko aldaketa baten berri eman dute G7 Ez eta Alternatives G7 plataformek. Izan ere, igande honetan egitekoa zuten zazpi elkarretaratzeen ekimena bertan behera utzi dute.
Azaldu dutenez, azken egunotan izaten ari den «lekuz kanpoko» presentzia polizialak ez du ekimena behar bezala egin ahal izateko baldintzarik bermatzen, parte hartzaileen «segurtasuna eta integritatea» zehazki aipatzen dituztela.
Hala, bi plataformek erabaki dute zazpi plazetako batean herri harresi gisako ekimen bat antolatuko dutela, «Euskal Herriak bizi duen setio egoera eta manifestazio eskubidearen urraketa salatzeko». Ekimen hau «kontsentsuaren baitan» kokatzen dela nabarmendu nahi izan dute.
Nolanahi ere, azpimarratu dute Biarrizko hitzorduaren aurrean antolatutako kontragailurrak «arrakasta handia» izan duela, hainbat datu emanez: 5.800 pertsona hurbildu dira konferentzia eta tailer desberdinetara eta larunbat honetan egin den manifestazioak 15.000 lagun bildu dituelako.
Egun hauetako ekintzek jatorri desberdinetako gizarte mugimenduen arteko trukaketa anitzak ahalbidetu dituztela ere esan dute.
«Momentu honetan Biarritzen bilduak diren eta aberatsen eta multinazionalen zerbitzuko sistema bat bultzatzen ari diren zazpi buruzagiei ondokoa adierazi nahi diegu; gure ideia, alternatiba eta borroken bidez mobilizatzen segituko dugu», gaineratu dute. .