INFO

Biarritzera sartu ezinean, baina zazpi puntuko alternatiba helarazi diote Macroni

G7-Ez eta Les Alternatives G7 plataformek edukinez bete zuten kontragailurra eta halaxe egin dute gaur ere, mandatarien batzarra bukatzear dela. Zazpi puntutako alternatiba aurkeztu dute eta gailurraren antolatzaile den Emmanuel Macroni helarazi diote. Biarritzera sartzea debekatu die Poliziak.

This browser does not support the video element.


Biarritzen agerraldia egin dute gaur eguerdian G7-Ez eta Les Alternatives G7 plataformetako kideek. Asteazkenetik ostiralera Hendaian eta Irunen eginiko kontragailurra oinarri, zazpi puntuz osatutako alternatiba aurkeztu eta Macroni helaraziko diotela iragarri dute.

Hiriaren gune irekian buruturiko agerraldia amaitu bezain laster, gailurra ospatzen den «gune gorria» delakora hurbiltzen ahalegindu dira kide hauek, baina segituan moztu die bidea Poliziak. Hala ere, Macronek horren berri zuzena izango duela nabarmendu dute. Eseraldia egin dute polizikideen aurrean, protesta gisa.

Alternatiba horren helburua «beste mundu bat sortzea» da, eta Euskal Herritik bultzada eman nahi diotela berretsi dute, Hendaia eta Irun arteko larunbateko mobilizazioan 15.000 lagun inguruk egin zuten bezala.

Aureli Trouve, Eñaut Aramendi eta Itziar Fernandez eledun zirela, frantsesez, gazteleraz, zein euskaraz irakurri dituzte zazpi puntu horiek. Lehena klima aldaketari dagokio: «haiek piztutako sua itzali nahi dute», adierazi dute. Bigarren ptuntuan «merkataritza askeari aurre egin behar» zaiola dute. Hirugarren puntuan «nazioarteko erregulazio demokratikoa» proposatu dute. Laugarren puntuan «dominazio patriarkala» salatu dute. Bosgarren puntuan «Macron eta multinazionalen arteko lotura hestua» nabarmendu dute. Seigarren puntuak «zerga ihesari egin dio erreferentzia. Eta zazpigarren, eta azken puntuan, munduan zehar «gerrak biderkatu egin direla» ohartarazi dute.

Zazpi minutuko eserialdi sinbolikoa egin ostean, prentsaren aurrean adierazpenak egin dituzte hiru bozeramaileek, eta ekimena amaitutzat eman dute. Pankarta eusten zuten 40 lagunek, «ez,ez,ez G7 ez!, Bai, bai, bai, alternatibak bai!» oihukatzen eman diote amaiera manifestazioari.