Txepe Larak jasoko du Zinemira Saria 21 euskal ekoizpen hartuko dituen 67. Zinemaldian
Hamazazpi film luzek, film ertain batek eta hiru film laburrek osatzen dute 67. Zinemaldiko euskal ordezkaritza. Horietatik hamarrek jaialdi donostiarrean izango dute estreinaldia eta Zinemira Saria, aldiz, puntako zuzendariekin aritutako Txepe Lara ekoizleak jasoko du.
Helena Taberna altsasuarrak irekiko du euskal ordezkaritzaren 67. Zinemaldiko partaidetza, ‘Varados’ filmaren estreinaldiarekin. ‘Yoyes’ (2000) eta ‘La buena nueva’(2009) filmeen egilea ez da, ordea, edizio honetan filma aurkeztuko duen bakarra. Zinemira sarirako lehian ariko dira baita ere beste bederatzi filme: Iban del Campo arrasatearraren ‘Glittering Misfits’, Ipar Euskal Herriko Loïc Legranden ‘Hiru uhinak - Les trois vagues’, Mikel Ruedaren ‘El doble más quince’, Maider Oleaga bilbotarraren ‘Muga deitzen da pausoa’, Fernando Bernuesen ‘Soinujolearen semea’, Koldo Serraren ‘70 binladens’, Kepa Sojoren ‘La pequeña Suiza’, Angel Alonso pasaitarraren ‘Elkano lehen mundu bira’ animazio filma eta, azkenik, otsailean zendutako Juanmi Gutierrezen azken lana, ‘Paseko txoriak’. Zinegile errenteriarrari, gainera, omenaldi berezia egingo zaiola aurreratu dute Zinemalditik.
Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak adierazi bezala, hasi tematika sozialak lantzen dituzten gaietatik, umoretik pasa eta animazio filmetaraino, aurten inoiz baino anitzagoa izango da Zinemira atala.
Etxebestetarrak bueltan
Zinemiratik kanpo, Euskal Zinemaren Galan estreinatuko da duela 14 urte Asier Altuna eta Telmo Esnalek Zuzendari Berriak atalean aurkeztu eta Gazteriaren Saria lortu zuen ‘Aupa Etxebeste!’ filmaren segida: ‘Agur Etxebeste!’ izango da Patrizio eta Maria Luisa senar-emazteen abentura berriak ekarri dizkigun film berriaren izena, eta Euskal Zinemaren Irizar Saria lortzeko lehian ariko da.
Miguel Angel Jimenezek ETB Galan estreinatuko du ‘Una ventana al mar’ eta Sail Ofizialean parte hartuko duen euskal ekoizpen bakarra Aitor Arregi, Jon Garaño eta Josemari Goenagaren ‘La trinchera infinita’ izango da. Irizar Sariaren lehian ariko da.
Irizar sarirako hautagai ez diren arren, Zinemaldian ikusi ahalko dira baita ere Ion de Sosa urnietarraren eta Chema Garcia Ibarra valentziarraren ‘Leyenda dorada’, Izibeñe Oñederra azkoitiarraren ‘Lursaguak’, Maddi Barberren ‘Urpean lurra’, Parisen jaiotako Oliver Laxeren ‘O que arde’ eta Igor Arabaolazaren ‘Zer jan hura izan’.
Gainera, sortze fasean diren euskal ekoizpeneko bi proiektu ere hartuko ditu Zinemaldiak: Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan Asier Altunaren ‘Karmele’ hautatu dute eta Ikusmira Berriak egonaldi programan Aitziber Olaskoagaren ‘Jo ta je’ ari da garatzen.
Zinemira saria
Jose Maria ‘Txepe’ Larak jasoko du 67. edizioko Zinemira saria. Txepe Larak (Madril, 1948) foto finkoko eta kamera-laguntzaileko zereginak betez hasi zuen bere zinema ibilbidea 1985ean, besteren artean ‘Hamaseigarrenean aidanez’ (Anjel Lertxundi, 1985), ‘Zergatik panpox?’ (Xabier Elorriaga, 1986), ‘Adiós, pequeña’ (Imanol Uribe, 1986) eta ‘Ander eta Yul’ (Ana Diez, 1988) filmeetan.
1987an sortu zuen Jose Maria Lara P.C. ekoiztetxea eta hiru hamarkadatan zehar zinemagintzan funtsezkoak izan diren hainbat zinegileren sostengu izan da, besteren artean Alfonso Arandia, Helena Taberna, Santiago Aguilar, Luis Guridi eta Ramon Barea (Zinemira Saria 2016), zeinarekin lankidetza arrakastasua izan duen. Berak ekoitziak dira, besteak beste, ‘Pecata minuta’ (1999) eta ‘El coche de pedales’ (2004).
Asier Altuna eta Telmo Esnalekin ere harreman luzea izan du (‘Txotx’ 1997, ‘40 ezetz’ 1999, ‘Topeka’ 2002, ‘Sarean’ 2008 eta ‘Aupa Etxebeste!’ 2005), Daniel Calparsosoren hastapenean ere haren sustengu izan zen eta Julia Juaniz muntatzailearekin (Zinemira Saria 2017) ere hainbatetan aritua da lanean.
Txepe Larak irailaren 24an Victoria Eugenian egingo den Euskal Zinemaren Galan jasoko du saria, ‘Agur Etxebeste!’ filma eman aurretik.