‘Sua-irabazi arte’ dokumentala Belodromoan estreinatuko da Zinemaldian
Lan hauek aurkeztuko dira Antonio Elorza Belodromoan: ‘Sua–irabazi arte’ dokumentala, Realak Erreginaren kopa lortu aurreko asteari buruzkoa, Leticia Dolerak sortutako ‘Vida perfecta’ telesail osoa eta Victor Monigote eta Eduardo Gondell zuzendarien ‘La gallina Turuleca’ animazio filma.
Joan den maiatzaren 11ean Granadan finala jokatu eta Erreginaren Kopa lortu zuen Realeko emakumeen taldeak. Aurreko egunetan ikus-entzunezkoen arloko talde bat izan zen haiekin, eta Aurkene Arizak eta Mikel Fuentesek zuzendutako ‘Sua-irabazi arte’ dokumentala izan da emaitza. Bertan jaso dira Donostiako kluberako historikoa izan den garaipen horri bide eman zioten gogoa eta giroa. Emanaldia ostiralean izango da, irailak 27, 19.30ean.
Ez dira aurten Belodromoan izango diren emanaldi bakarrak. Leticia Dolerak sortutako ‘Vida perfecta’ telesail osoa estreinatuko da igandean, hilak 22, 17.00etan. Aurrez, zenbait film labur eta ‘Requisitos para ser una persona normal’ film luzea zituen eginak. Lehenengo bi atalak proiektatuta telesail onenaren saria lortu zuen ‘Vida perfecta’-k Canneseries zinema jaialdian, eta antzezpen sari berezia jaso zuten Dolerak berak, Aixa Villagranek eta Celia Freijeirok, gizartearen estandarren araberako ‘bizitza perfektua’ eraman ezinari aurre egin behar dioten hiru emakumeek. Elena Martín, Ginesta Guindal eta Dolera izan dira telesailaren zuzendariak.
Bezperan, larunbatean 17,30ean, ‘La gallina Turuleca’ animazio filma proiektatuko da arratsaldean. Victor Monigote eta Eduardo Gondell dira zuzendariak.
Gainera, egun berean 12.00etan, Euskadiko Orkestrak, SGAE Fundazioak eta Zinemaldiak berak antolatutako kontzertua hartuko du Belodromoak. Ikuskizunak soinu-banden interpretazio sinfonikoa eta musika hori oinarritu zuten eszenen muntaia uztartzen ditu.
Azkenik, eta ohikoa den bezala, Zinemaldia itxiko duen ekitaldiaren emanaldia egingo da Antonio Elorza Belodromoan, 2.500etik gora ikuslerentzat lekua duen zinema aretoan. Perlak saila itxiko duen filma (‘The Climb’), Sail Ofiziala itxiko duena (‘The Song of Names’) eta 67. edizioko sari-banaketa proiektatuko dira 18.15etik aurrera.