INFO

Comete Sarearen omenez hainbat ekitaldi eginen dituzte Baionan eta Angelun

II. Mundu Gerran naziek okupatuko lurraldetan eroritako hegazkilari aliatuak salbu jartzeko lan egin zuen Comete Sarea omenduko dute, ostiral honetan arratsaldean, Baionan eta Angelun antolaturiko hainbat ekitaldiren bidez.

Kattalin Agirre eta Florentino Goikoetxearen aldeko omenezko ekitaldia Ziburuko hilerrian. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Ospakizun hauetan, Lapurdi hiriburuko tren geltokiaren inguruan badira hogei urte sortu zen Comete Sareko Lagunen Elkarteak eginiko lana nabarmentzeko oroigarria ezarri dute arratsaldeko lehenengo orduan.

Bertan izan da Jean-Rene Etchegaray Baionako alkatea eta Euskal Elkargoko burua.

Angelun, berriz, Lamothe plazan beste oroigarri bat inauguratu ondoren hiriko domina emanen diote, iluntzean, elkarteko bi kideri, anartean, Jean Dassie bere presidenteari.

Hegazkilari aliatuen ihesaldiari laguntza ematen jardun zuen gehienbat Comete Sarea (1941-1944). Euskal Herrian laguntzaile apartak aurkitu zituen ehunka hegazkilari ihes egiten lagundu zuen erresistentzia taldeak.

Pilotoak erori ziren tokitik jaso, naziek okupatutako lurraldeak zeharkatu, Ipar Euskal Herrira ekarri eta Bidasoa ibaia euskal mugalarien laguntzaz igaro eta gero Gibraltarren barrena berriro Britainia Handira itzultzen zituzten.

Comète Sarearen lehen haria Belgikan ehundu zuen Andrée de Jongh-ek. Gurutze Gorrian erizain bezala sartu eta han ezagutu zuen ondoren esposatu zuen Arnold Deppé injeniaria.

Deppé Donibane Lohizunen zinemarako soinu teknikari aritu zen urte luzetan. Euskal Herria ezagutzen zuen eta ez zitzaion oso zaila laguntzaileak xerkatzea.

Belgikako erresistentziako kidea atxilotu ondoren, sarea osatzeko ardura bere gain hartu zuen Andree de Jonghek.

«Dedee» goitizenaz ezagutua, 1941eko uztailean heldu zen Baionara. Naziengandik ihesean ziren hainbat kiderekin batera zeharkatu zuen, lehenaldikoz, Bidasoa ibaia, Tomas Anabitarte mugalari hernaniarra bere ondoan zuela.

Ondoko urteetan hamaika aldiz egin edo antolatu zuen erizain belgikarrak hegazkin gidari aliatuak salbuan jartzeko zeharkaldia, 1943ko urtarrilaren 15ean atxilotu zuten arte.

Euskal sarekideak

Hain zuzen ere, muga igaro aitzin piloto horiek atseden hartzeko baliatzen zuten Urruñako Bidegain Berri baserrian atzeman zuten «Dedee».

Bertako jabe Frantxia Usandizagarekin eta bere aterpean bizi zen Juan Manuel Larburu euskal iheslari eta sareko mugalariarekin batera atxilotu zuten Comete sareko burua.

De Jongh kontzentrazio esparruetara eraman bazuten ere, bizirik atera zen eta behin gerra amaituta ohore handiak jaso zituen. Berarekin atzeman zituzten euskal sarekide biak, ordea, kontzentrazio esparruetan hil ziren.

Euskal Herrian laguntzaile apartak izan zituen sareak. Florentino Goikoetxea Hernanin jaio eta Lapurdin errefuxiatu zen mugalaria, Saran sortu eta Donibane Lohizunen hilobiratuta dagoen Kattalin Agirre Erresistentziako kidea, arestian aipaturiko Urruñako Bidegain Berri baserriko jabea zen Frantxia Usandizaga, Hernaniko Osiñaga auzoko Tomas Anabitarte, Juan Manuel Larburu eta Martin Errazkin izan ziren horietako batzuk.


Irundik Oiartzun aldera

Euskal Herrian hainbat sarek jardun zuten nazien aurkako borrokan. Izan ere, Bidasoaren alde batetik bestera pilotoak eraman zituena da ezagunena.

Urruñako Bidegain Berri baserrian behin deskantsu hartuta, hegazkilariak eta mugalariak Irun aldera abiatzen ziren. San Migeletik ibaia zeharkatu ondoren, Puntxaseko bidetik Oiartzun eta Errenteriarantz joaten ziren.

Sarobe baserrira iristen zirenean Arbide-Garaiar familiaren laguntza jasotzen zuten. Donostian berriz, garaje baten jabe zen Bernardo Arakamak gordetzen zituen.

Biharamunean britainiar Kontsulatuak bidalitako autoan Madrilera eta handik Gibraltarrera eramaten zituzten, finean Londresera itzultzen zirela berriz ere gerran sartzeko.