Donald Sutherland euskaraz zuzendu zaie zaleei: «Mila esker»
Donald Sutherland gaur iritsi da Donostiara. Mugikortasun arazoak dituen arren, jarraitzaileengana gerturatu da eta atsegina izan da bere zain zeuden guztiekin. Donostia Saria jasoko duelako zoriondu dutenean, aktore kanadarrak euskaraz eskertu die.
Donostia Saria jasoko du Donald Sutherland aktoreak datorren ostegunean baina jada Zinemaldian dabil. Ohikoa da izarrak Maria Cristina hotelera iristen direnean argazkilarien aurrean posatzea eta jarraitzaileei autografoak sinatzea, baina kanadarrarekin zertxobait desberdina izan da.
Mugikortasun arazoak zirela medio, bere autoa hotelaren aldamenean gelditu da eskailerak igo beharrean hotelera aldapa batetik sar zedin. Era berean, argazkilarien kokalekua aldatu egin dute aktoreak ate nagusiak dituen eskailerak jaitsi behar ez izateko. Baina Sutherlandek beste asmo bat zuen, eta antolakuntzak bere mesederako aldatu dituen gauza guztiak alferrikakoak izan dira.
Izan ere, iritsi bezain laister jarraitzaileen garrasiei erantzunez, balkoitik agurtu ditu eta, ondoren, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariarekin mintzatu ostean, eskailerak jeitsi ditu jendearengandik gertuago egoteko. Txalo artean hartu dute bere jarrera jarraitzaileek.
Poliki eta pazientzia osoz argazkilariei euren lana egiten utzi die, makulua eskuan, dotore eta irribartsu. Bitartean, jarraitzaileek oihu egiten zioten, Rebordinosek lasai egoteko eskatu dien arte. «Snow presidentea!» oihukatzen zuenik ere bazegoen, ‘The hunger games’ sagan egiten duen maltzurraren paperari erreferentzia eginez.
Azkenean, autografoak sinatzen hasi da eta ostegunean bere ibilbide osoari aitortza egingo dion saria jasoko duelako zoriondu dutenean, euskaraz erantzun die: «Mila esker». Mila esker zuri, Sutherland, Euskal Herria zer den jakitean esfortzua jarri duzulako. Txalo zaparrada bat eskaini diote berrio hotelera atseden hartzera joan denean.