INFO

Zigor Garro presoak Mont de Marsango espetxetik ateratzeko bigarren baimena jaso du

Igandean atera zen Zigor Garro preso oreretarra Mont De Marsango espetxetik ikastaro bat egiteko eta asteazkeneko 20.00etean itzuli da, hiru eguneko baimena amaitu ostean. Lan kontuengatik, bigarren aldia izan da. Urriaren 23an audientzia bat izango du baldintzapeko askatasuna ematen dioten erabakitzeko.

Zigor Garro, kartzelatik kanpo eta ikastaroa egiteko bidean.

Zigor Garro Perez igandean atera zen Mont De Marsango espetxetik, 18.00etan, eta atzo asteazkenean 20.00etan itzuli zen berriz ere Landetako espetxera. Kalean egin dituen orduetan lan jarduna prestatzeko ikastaro batean parte hartu du eta bere sendiak Hendaian duen etxean pasa ditu egunak.

Aldi baterako baimena eman dioten bigarren aldia izan arren, hiru bider atera da Garro espetxetik. Lehena, 2018ko otsailaren 15ean izan zen, bere amaren hiletan egoteko Zokoako elizara eraman zutenean. Pasa den uztailean, ostera, egun bateko baimena eman zioten lan elkarrizketa batera joateko. Azken irteeran, ordea, bi eguneko baimena izan du Glotodidaktika ikastaro bat egin ahal izateko.

Datorren urteko maiatzean amaitzen du espetxe zigorra preso oreretarrak, baina aurrez, audientzia bat izango du urriaren 23an. Egun horretan, lan egiteko zigorraren azken hilabeteak kalean egin ahal izango dituen erabakiko du epaileak. Horren ostean, hamabost eguneko epean kaleratuko da epaia eta orduan jakingo du Garrok baldintzapeko askatasuna ematen dion edo ez.

Epaileak lan egiteko baldintzapeko askatasuna ematea erabakiko balu, eskumuturreko elektroniko batekin bizitzeko dispositibo berezi bat jarriko lukete Garroren Hendaiako etxean, eta zigorraren azken hilabeteak kalean egin ahal izango lituzke.