INFO

Amaia Izkok Iruñeko Udaleko zinegotzi kargua utzi behar izan du

Amaia Izko Iruñeko Udaleko EH Bilduko zinegotziak kargua utziko duela iragarri du koalizio subiranistak Twitterren bidez. 11/13 sumarioan Fiskaltzarekin adostutako akordioaren ondorioz hiri urtetarako inhabilitazioa ezarri zitzaion.

Amaia Izko 11/13 sumarikoen aurkako epaiketan. (J. DANAE/FOKU)

«Amaia Izko Iruñeko zinegotziak kargutik dimititu du. Bere akats bakarra: bere lana profesionaltasunez egitea. Entzutegi Nazionalak Iruñeko zinegotzi izateko ametsa lapurtu dio baina gure maitasun eta errespetu osoa darama», adierazi du EH Bilduk Twitterren.

Aurreko asteartean, Joseba Asiron EH Bilduko bozeramaileak, 11/13 sumarioan Fiskaltzarekin adostutako akordiaren inguruan, udal-taldeak sententzia obedituko zuela eta Izkoren dimisioarekin burutuko zuela, hau jakinarazi bezain pronto, iragarri zuen.

Izan ere, 601 urteko espetxe eskaera egin zuen Fiskaltzak euskal presoen inguruko abokatu eta elkarteen aurkako ekinbide judizialean, inhabilitazio eta isun eskaerez gain. Aldeek akordioa erdietsi zuten, eta zigor eskaerak harindu zituzten. Horrela, espetxea saihestu zuten Jon Enparantzak eta Arantza Zuluetak ez beste guztiek. Hala ere, denek izango dute inhabilitazioa eta horren harira dator Izkoren dimisioa.

Izkok Twitterren kontutik hurrengoa adierazi du: «Nahi nuke udaletik lanean segitzea Iruñea anitzago, irekiago, justuago eta zabalago baten alde, baina ez da posible. Banoa lasai egindakoaz. Eta lasai ere zeregin hori eskutik hoberenetan dagoelako EH Bildu talde ikaragarria da».

Gainera, «EH Bildu Iruñeari eta proiektu honi babesa ematen diozuen guztioi» eskerrak eman die Izkok, orain kaletik borrokatzen jarraituko duela gaineratuz.