INFO
Interview
ERIK JAKA
ASPEKO PILOTARIA

Erik Jaka: «Ea behingoz suerteak buelta eman eta txapelketan aurrean sartzerik dudan»

Lizartzarrak bere egiten du «erortzea baimenduta dago, baina zutitzea derrigorrezkoa da» esaldia. Bere ibilbideko unerik garrantzitsuenetan ez du zorte handirik izan lesioekin, baina beretzat larunbatean hasiko den Lau eta Erdiko honetan patuari iskin egin eta onenekin lehiatzeko helburua jarri du.


Arteaga gaindituta, ligaxkan aritzeko txartela eskuratu zuen iaz, baina besoko lesio batek zapuztu zuen dena. Aurten aukeraz gozatu nahi du.

Txapelketa berri bat hastera doa, ilusioz?

Bai, beti. Halako txapelketan parte hartze hutsa garrantzitsua da guretzat, lekua egiten ari garen pilotariontzat. Pilotari handi hauekin aritzea garrantzitsua da eta pozik. Iaz lesio batetik nentorren, lehen partida irabazi nuen, ligaxkan sartu eta lesionatu egin nintzen eta ea behingoz suerteak buelta ematen duen eta maila on bat eman, txapelketan borroka egin eta aurrean sartzerik dagoen.

Hasieratik gogorra dator, Bakaikoaren aurka Etxarrin...

Dudarik gabe, jende askok nik uste Bakaikoa gutxietsi egiten duela, igual ez delako jokoan oldarkorra, baina emaitzei begiratuz gero, garaipen portzentajearen aldetik, pilotaririk onenetako bat izango da. Ikusi besterik ez dago San Fermin torneoan bere enpresako finalean sartu zela, pilotari handiak kanporatuta, eta ziur dakit partida gogorra eta zaila izango dudala.

Bere etxean jokatze hori hoberako edo kalterako izango da?

Berak askoz hobeto ezagutuko du pilotalekua, eta ez zait iruditzen etxean aritze horrek kalterik egingo dionik. Bera izaera handiko pilotaria da eta hazi egingo da gainera, baina ez dago inolako arazorik. Beti esaten duguna da, enpresak jendea frontoira joango den begiratzen du, giro ona egotea nahi du, frontoia beteta egotea... ea partida ona egiten dugun eta ligaxkan sartzerik dugun.

Uda amaitu berri da; zer balantze egiten duzu, gustura, ala Donostiako torneoan zure lekua egin ostean zerbait gehiago egin ez izanaren arantza geratu zaizu?

Pozik; iruditzen zait jendeak egin duela pertsonalki nik egin dudan balantzea baino okerragoa. Kontuan eduki behar da urte osoan zehar oso-oso maila onean ibili naizela, nire iritzia hori da behintzat, eta ezin da urte osoan berdin ibili.

Nik uste dut sanferminetako lau eta erdikoa ez nuela txarra egin, txapeldunari –Irribarriari– ondo irabazi nion; gero Joseba Ezkurdiaren aurka, berari inolako meriturik kendu gabe, egindako opariengatik galdu nuen partida, hortxe izan nuelako estu-estu. Eta gero, uda hasieran behintzat, partidetan oso maila ona eman nuela uste dut, emaitzak oso onak izan ziren sanferminetan eta hurrengo partidetan ere bai. Eta gero, abuztu aldera, bai, beheraldi txiki bat izan nuen, txispaz eta justuxeago aritu nintzen, konfiantza ere galduta eta justu orduan tokatu zen Donostiakoa. Niretzat bai ala bai irabazi beharreko partida zela ematen zuen, baina nik orduan esan nuen, eta orain ere bai, ez nuela hala ikusten. Niretzat aukera polita izan zen, gauzak ez ziren ongi atera eta kito. Ordutik lanean jarraitu dut, partida hobeak eta txarxeagoak eginda, baina garrantzitsuena da orain hobeto sentitzen naizela frontoian

Aimarrek beti esaten duena, egun horretan eta une horretan egon behar dela ondo...

Hori da, berriz konfiantza berreskuratuta nago, eskuak ondo, lesiorik ez daukat eta pozik. Eta horixe, ea larunbatean %100ean egoterik dudan.

Txapelketa nola ikusten duzu? Gaztea bada behintzat...

Irekia. Koadroak ere oso gazteak dira eta hori nabaritzen da txapelketan ere. Aimarrek erabaki du bere hobe beharrez txapelketan ez parte hartzea eta Oinatz eta Urruti dira 30 urte dituzten bakarrak. Pilota orokorrean asko gaztetu da.

Faboritorik?

Nik Jokin –Altuna– ikusten dut faborito, azken hiru urteetan finala jokatu du eta kontuan izan behar da iaz ze kondiziotan, nola iritsi zen, eta, hala ere, finalean sartu eta irabaztekotan egon zen. Ondo baldin badago… Gero betikoa da, partida bakarrera edozer gerta daiteke, baina bera ikusten dut faborito, Joseba –Ezkurdia– ere bai eta Oinatz ere oso arriskutsu sumatzen dut.