INFO

Itunpeko eskoletako langileek Hezkuntzarekin sinatutakoa ez dela betetzen salatu dute

2017an Itunpeko eskoletako langileriaren ordezkariek eta Hezkutnza departamentuak sinatutako akordioa ez dela betetzen ari salatu dute LAB, Sepna eta UGT sindikatuek. Akordio horren balioa aurtengo ekainera arte luzatu zen arren, hainbat puntu oraindik gauzatu ez direla adierazi dute.

LAB, Sepna eta UGT sindikatuek agerraldia egin dute. (LAB)

Nafarroako itunpeko eskolen langileriak Hezkuntza Departamentuarekin sinatutako akordioa ez dela betetzen ari salatu du. Akordio horren hainbat puntu mahai gainean jarri dituzte. Hala administraziopeko lankideek 2019ko uztailean jasotako %0,25eko igoera gehigarria, aurrekontuan sartuta dagoena eta itunean ere jasoa, ez dela bete nabarmendu dute.

Modu berean, 2012ko soldata murrizketen leheneratzea adostu zuten, %2,5 dozenteentzat eta %2 irakasle ez direnentzat, eta hau ere osatu gabe dagoela nabarmendu dute. Bestetik, Nafarroako Hezkuntza departamentuak irakasleen ordezkapenak «lehen egunetik» gauzatzeko konpromisoa hartu zuela azpimarratu dute, behintzat baja hamar egun baino luzeagoa den kasuetan. Hau ere gauzatu gabe dagoela ekarri dute gogora.

LAB, Sepna eta UGT sindikatuetako ordezkarien arabera, «premiazkoa da gai hau 2020ko aurrekontuentan sartzea». «Kezka handiz» ikusten dute irailetik hona Hezkuntza departamentueko «ordezkari berriekin harremanetan jartzeko eginiko ahalegin guztiak momentuz antzuak izan direla».

«Kontuan izan behar da itunpeko irakaslerian Nafarroako hezkuntza sare osoko langileen %40 dagoela (3.400 inguru), beraz Hezkuntza departamentua ez dela kuantitatiboki eta kualitatiboki oso garrantzitsua den arazoari aurre egiten ari», adierazi dute ohar baten bidez.

Egoerak bere horretan jarraituz gero, «erantzuteko neurriak» hartuko direla iragarri dute LAB, Sepna eta UGTko ordezkariek.