INFO

Oinatz Bengoetxeak pozik amaitu du Labriteko proba eta larunbatean jokatu egingo du

«Sentsazioak onak izan dira eta horregatik erabaki dut jokatzea», azaldu du Leitzako aurrelariak, nahiz eta onartu egin duen saioa oso lasaia izan dela larunbatean Unai Lasok ipiniko duen erritmoarekin alderatuta.

Oinatz Bengoetxea eta Unai Laso, gaur goizean Labriten (BAIKO)

Oinatz Bengoetxeak larunbatean Unai Lasoren aurkako partida jokatzea erabaki du azkenean. Gaur goizean Labriten egin duen probarekin pozik amaitu du leitzarrak eta baiezkoa eman du.

«Sentsazioak onak izan dira eta horregatik erabaki dut jokatzea. Ongi berotu dut, saiotxo bat egin dut pilotan, gehiegi behartu gabe, bi egun bakarrik geratzen direlako, eta esperantza da ongi egotea igandean», azaldu du nafarrak Labriten bertan.

«Badakit Unai momentu oso onean dagoela, aurkari oso gogorra izango dela. Sekulako maila ematen ari da, pilotari bezala asko hobetzen. Baina espero dut fisikoki aguantatu ahal izatea eta partida eder bat egitea», gaineratu du Oinatzek.

Ehuneko ehunean egongo den galdetuta, argi utzi du zalantzaren bat badaukala, baina neurketa hasi arte ez duela jakingo nola dagoen benetan. «Zalantza apur bat badago. Lau eta Erdiko jokoa ikaragarri esplosiboa da, eta gaurko entrenamendua oso lasaia izan da. Baina kirolariak ez du inoiz jakiten partida hasi arte nola egongo den benetan. Aurrera egitea erabaki dut eta espero dut dena ongi ateratzea».

Jakina denez, Bengoetxeak mina sentitu zuen ezker ipurmasailean Iñaki Artolaren aurkako partida hasi eta berehala, aurreko ostiralean, neurketako bigarren tantoan. Pilotari nafarrak jokatzen jarraitu zuen, tanto batzuetan baldintzatuago ikusi zitzaion eta beste batzuetan gutxiago, baina 17 tanto egiteko gai izan zen, nahiz eta galdu.

Ligaxkako aurreneko bi partidak galduta, aurrenekoa oso tanteo txarrarekin gainera Joseba Ezkurdiaren aurka, oso zail du Oinatzen finalerdietarako sailkapena, baina pilotari borrokalaria izaki, ziur larunbatean ere barruan duen guztia ematen duela.