INFO

Aurkari zuzen baten kontra jokatzearen garrantzia azpimarratu du Mendilibarrek

Eibarrek Valladolid bisitatuko du bihar (18.30). Charles deialditik kanpo geratu da, Correa, Ramis eta Burgosekin batera. Escalante hamaikakora itzuli daiteke.

Zigorra bete ondoren, deialdira itzuli da Escalante. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Bartzelonak Eibarren bolada ona apurtu zuen. Armaginek etenalditxo bat besterik ez izatea espero dute, batez ere bihar aurkari zuzen baten kontra jokatuko dutelako, Valladolid hain zuzen ere.

Jose Luis Mendilibarrek azpimarratu duen bezela, honelako neurketek garrantzi handia daukate. «Hiru puntu baino gehiago direla esaten da eta horrela da. Galtzen baduzu zeu hor geratzen zara eta beraiek alde egiten dute, gainera gero etxera zatoz jokatzera eta behartuta zaude… Oso garrantzitsuak dira partida hauek. Ligan 20 talde gara eta edonon irabazi dezakezu baina badakigu gure borroka, “haundi” bati irabaztea lortzen badugu ere, 10-12 talderen kontra dela eta horien aurkako emaitzak direla garrantzi handiena dutenak».

Zaldibartarraren ustetan, Eibar eta Valladolid «antzeko taldeak» dira, behintzat «helburu berarengatik» borrokatzen dute. Sailkapenean ere nahiko parekatuta daude –2 puntu gutxiago gizpuzkoarrentzat– baina euren ibilbidea desberdina izaten ari da. Eibarrek, iaz bezela, poztasun guztiak bere zaletuekin ospatzen dituen bitartean, talde zuri-moreak puntu gehiago lortu ditu bidaietan bere zelaian baino. «Berdin edo oso antzera jokatzen dute etxean nahiz kanpoan. Askotan desberdinatasun horiek aurkariekin dute harremana, norberarekin baino. Talde gehienak etxetik kanpo jokatzen dutenean atzerago geratzen dira eta etxekoa aurpegia gehiago ematera behartuta dago. Eta hori Valladolid, Eibar… bezelako taldeoi zaila egiten zaigu batzutan».

Aldaketak

Mendilibarrek 18 jokalari eramango ditu Valladolidera. Correa, Ramis eta Burgos lesionatuekin batera, Charles ere deialditik kanpo geratu da. Kike Garciak, berriz, bidaiatuko du, asteazkeneko lan-saioan orkatilan sufritutako kolpea gainditu ondoren. Nobedade garrantzitsuena Escalanterena da, deialdira itzuli baita zigorra bete ondoren.

Erdilaria bera da hasierako hamaikakoan egon daitezken nobedadeetako bat. Eibar 4-3-3 sistemara itzuli daiteke, Escalanteren eta Expositoren sarrerarekin. Atzeko lerroa mantenduko du Mendilibarrek. Erasoan, berriz, aldaketak espero dira ere: Inuik Pedro Leonen hutsunea hartuko luke eta Quique Gonzalez, Enrich eta Kike Garcia lehiatuko dira puntako postuan aritzeko.

Jokalari armaginek besoko beltzak eramango dituzte Zorrillako partidan, asteazkenean hil zen Juan Luis Mardaras presidente ohiaren oroimenez.