INFO

Emakundek enpresentzako laguntzak handitu ditu berdintasun-planak kontratatzeko

Emakumearen Euskal Erakundeak 160.000 euroko laguntzen ezohiko deialdia egin du, enpresek berdintasun-diagnostikoak eta -planak egiteko aholkularitza-enpresak kontrata ditzaten. Martxoan onartu zen Errege Lege Dekretuarekin, 2020ko martxoaren 7tik aurrera berdintasun-plan bat eduki beharko dute 150 langile baino gehiago dituzten enpresek.

EAEko Artxibo Historikoaren egoitzan egin du enpresei zuzenduriko jardunaldia Emakundek. (EMAKUNDE)

Emakundek handitu egin ditu enpresentzako laguntzak, hauen betebehar berrien aurrean berdintasun-diagnostikoak eta -planak egin ditzaten. Martxoan onarturiko 6/2019 Errege Lege Dekretuaren ondotik, enpresek betebehar berriak dituzte. Emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko premiazko neurri berriak zehaztu ziren dekretu hartan.

Emakumearen Euskal Erakundeak 160.000 euroko laguntzen ezohiko deialdia egin du, enpresek berdintasun-diagnostikoak eta -planak egiteko aholkularitza-enpresak kontrata ditzaten (aurkezteko epea azaroaren 11n amaituko da). Era berean, abenduan egingo den ohiko deialdiaren zenbatekoa 200.000 eurora igo du.

Emakundek enpresei zuzendutako jardunaldi bat egin du gaur goizean Bilbon, eta bertan, enpresen betebeharretan izandako aldaketa nagusiak azaldu ditu Begoña Suarez Emakumearen Institutuko Emakumeen Berdintasunerako eta Aukera Berdintasunerako zuzendariorde nagusiak.

Orain arte, 250 langile baino gehiago zituzten enpresentzat zen derrigorrezkoa bakarrik berdintasun-plan bat negoziatzea. Aldaketa horrekin, 2020ko martxoaren 7tik aurrera berdintasun-plan bat eduki beharko dute 150 langile baino gehiago dituzten enpresek, 2021eko martxoaren 7tik aurrera 100 langile baino gehiago dituztenek, eta 2022ko martxoaren 7tik aurrera 50 langile baino gehiago dituztenek.

Diagnostikoak egiteko materialak eta gidak

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak nabarmendu du berdintasun planak «tresna garrantzitsuak direla berdintasunean aurrera egiteko», eta jakinarazi du horiek egiteko diru laguntzez gain, beste baliabide batzuk ere eskaintzen dizkiela Emakundek enpresei: «Diagnostikoak eta planak egiteko materialak eta gidak, Bai Sareko enpresen arteko lankidetza esparrua, jardunaldiak edo sexu jazarpenaren eta sexu arrazoien aurkako protokolo eredu bat, besteak beste».

Jardunaldian, bestalde, Miren Edurne Lopez EHUko Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko irakasleak informazioa eskaini die enpresei, lanaren esparruan emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko protokoloei buruz.

Jardunaldia amaitzeko, Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak Aukera Berdintasunerako Erakunde Laguntzailearen lau plaka bereizgarri eman dizkie Do ‘s Formación S.L., CPES Fernando BHI, Harrobia Lanbide Ikastola eta Ascensores Muguerza S.A. enpresei. Guztira 107 erakundek lortu dute Emakundek ematen duen aitorpena.