200 ekitalditik gora hartuko ditu Durangoko Azokak 54. edizioan, abenduaren 5etik 8ra
Badator Durangoko Azoka. Abenduaren 5etik 8ra 200 ekitalditik gora iragarri dituzte gaur antolatzaileek. Itxura berrituarekin datoz erakusmahaiak eta Musika Eskola Azokako gune bilakatuko da lehen aldiz.
Durangoko Azokak aurtengo edizioaren nobedade eta datu orokorrak aurkeztu ditu asteazken honetan Bartolome Ertzilla Musika Eskolan egindako prentsaurrekoan. Bertan izan da Gerediagako presidente Nerea Mujika, eta Azokako guneetako ordezkariak: Johana Olabarria (Irudienea), Itsaso Gangoitia (Saguganbara), Arantza Arrazola (Szenatokia), Unai Pelayo (Ahotsenea), Esther Soto (Areto Nagusia), Ihintza Orbegozo (Plateruena) eta Gorka Julio (Kabi@).
Prentsa agerraldia Musika Eskolan egin da, Landako Gunearen atzekaldean, espazio hori izango baita aurtengo nobedade nagusietako bat: «Azken urteotan Azoka handitzen ari da eta Durangon zehar zabaltzeko ahaleginetan gabiltza. Edizio honetan Musika Eskola espazio berri bat izango da: hemen antolatuko dira inaugurazio ekitaldia, Gogoetaren Plaza eta DA! PRO egitasmoa».
Azken ekimen hori ere 54. edizioko beste berritasun bat izango da. Lehenengo aldiz, Durangoko Azokak Euskal Herriko programatzaile eta musikaren sektoreko sortzaile eta profesionalen arteko topaketa antolatu du, Musika Bulegoarekin elkarlanean. Azokako lehen egunean izango da, goizean zehar.
Ohiko espazioan, Landako gunean, berritasunik ere egongo da. 30 urtez lehenengo aldiz, Azokak erakusmahaien irudia aldatuko du. Landakoko argazki orokorra, beraz, aldatuko da. «Gure asmoa gaur eguneko tendentzietara egokitzea eta erakusmahaiak errazago identifikatzea izan da. Erakusmahaiak egurrezkoak izango dira eta errotulazioetan kolore desberdinak eta ikonoak izango dituzte. Azokak bere burua eguneratzeko ahaleginetan jarraitzen du».
Egitarauari dagokionez, 54. edizioan 200 ekitaldi baino gehiago egongo dira, 700 metrotan eta 5 minutuko distantzian. Ahotsenean Euskal Herri osoko 111 talde, bakarlari eta idazle batuko dira, zuzenekoen karpan eta solasaldien gunean. Urtero bezala, sortzaile ezagunek sortzaile hasiberriekin partekatuko dute eszenatokia.
Gerediagako presidenteak Azokara garraio publikoz etortzeko gonbitea egin die azokazaleei. Autoz etorriko direnentzat, doako autobus zerbitzua egongo dela gogoratu du, Landakotik Iurretako peaje inguruko aparkalekuetaraino, 20 minutuko maiztasunarekin.