INFO

Zigor Garro presoari zigorra arintzeko eskaera onartu diote

Zigorren Aplikaziorako Auzitegiak Zigor Garro presoak bere zigorra arintzeko eginiko eskaera ontzat eman du. Fiskalak 24 ordutan ez badu erabakiaren kontra helegiterik aurkezten, Mont-de-Marsango espetxean dagoen oreretarra azaroaren 28an aske geratuko da eta Hendaian bere familiak duen etxean igaro ahal izango ditu kondenaren azken hilabeteak. 

Zigor Garro pasa den irailaren 25ean, Baionan, ikastaro bat egiteko atera zenean. (Naiz)

Parisko Zigorren Aplikaziorako Auzitegiak gaur arratsaldean jakinarazi du urriaren 23an Zigor Garroren defentsak presoari zigorra arintzeko eginiko eskaera onartu duela.

Fiskalak 24 orduko epea du helegitea aurkezteko, erabakia bertan behera uztea lortu nahi badu. Hala ez badu egiten presoak askatasuna berreskuratuko luke heldu den azaroaren 28an.

Izan ere, erabaki irmoa izateko 10 egun behar dira pasa, epe horretan, oraindik ere fiskalak erabakia erantzuteko parada baitu. Hori bai, presoak dagoeneko etxetik egingo lioke aurre auziari.

Dagoeneko urrian egin zuten auzian Fiskaltzak ez zion eragozpenik jarri eskumuturreko batekin Garro aske uzteko defentsak aurkezturiko eskariari.

Logikak aginduko luke epaileak hartu duen erabakiaren kontra ez egitea.

Mediabask hedabideak Terrorismoaren aurkako Fiskaltzarekin harremanetan jarri da ebazpena ezagutu ondoren. Erakunde horrek epaileak hartu duen erabakia bat datorrela bere irizpideekin nabarmendu du. Beraz, helegierik ez dela egongo iradoki daiteke.

Garroren abokatu Maritxu Paulus Barsurco itxaropentsu azaldu da «momentuz errekurtsorik ez dagoelako eta batez ere auzian zehar ere fiskalak babestu zuelako gure eskaera Zigor Garrok bere zigorraren azken zatia etxean bete ahal izateko».

«Lehen aldia da horrelako erabaki bat dugula, eta kontuan izanik beste hainbat kasutan eman diren ebazpen ezkorrak, nabarmendu egin behar da» gehitu du abokatu lohizundarrak.

Hala ere, Zigor Garroren kasua ezin dela beste hainbat baldintzapeko askatasun auziekin alderatu ohartarazi du. Zigorra bukatzeko 2 urte baino gutxiago falta zaio Garrori (zehazki 6 hilabete) eta «Iparraldean etxea eta familia badu, baita lan proiektua ere, beraz baldintza konkretu batzuk betetzen ditu», argitu du Paulus Basurcok.

Estatu frantsesean gatibu diren euskal preso gehienek ez dituzte baldintza horiek guztiak betetzen. Hala eta guztiz ere, gaurko erabakia bide judizialean urratsak ematen jarraitzeko bidean «neurri baikorra dela» nabarmendu du abokatuak.

Eskumutur elektronikoa

Erabakia baieztatuz gero, heldu den ostegunean Garro kartzelatik aterako da. Eskumuturreko elektroniko bati loturiko dispositibo berezi bat jarriko dute bere sendiak Hendaian duen etxean.

Hala, zaintza gailua soinean eramanik ere zigorraren azken hilabeteak kalean egin ahal izango ditu Mont-de-Marsanen dagoen errenteriarrak.

Presoak kalera ateratzeko bi aukera izan ditu orain artean. Joan zen uztailean egun bateko baimena eman zioten lan elkarrizketa bat egiteko.

Irailean, ostera, ikastaro bat egiteko hiru eguneko baimena ukan zuen.

Horrez gain, iazko otsailean Zigor Garro bere amaren hiletan izan zen Zokoan.

2018an hurbildu zuten Mont-de-Marsanera

Zigor Garro eta Julen Mendizabal izan ziren Mont-de-Marsango espetxera hurbildu zituzten lehen euskal presoak. 2018ko otsailaren 27an eraman zituzten Baionatik 104 kilometrotara dagoen Landetako kartzelara.

Garro ordurarte Saint Maurreko espetxean (620 km) zegoen eta Mendizabal Osnyn (920).

Oreretarra 2006an Quezac-en (Lozere) atzeman zuten. 2014an 17 urteko kartzela zigorra ezarri zioten ETAren talde logistikoaren arduradunetako bat zelakoan.