INFO

Sendotasunak eta defentsak lehen puntua eman diete Ezkurdia-Martijari (22-17)

Arbizukoak eta txokoa ederki bete duen Martijak oso partida serioa jokatu  eta lehen puntua eskuratu dute

Joseba Ezkurdiak berriz ere gainditu du Jokin Altuna (Idoia ZABALETA/FOKU)

Joseba Ezkurdiaren boladak ez du, momentuz, etenik eta Binakakoa ere garaipenarekin hasi du arbizuarrak, Jokin Martija oso sendo batek lagunduta, 22-17 irabazi baitiete Altuna-Ladis Galarzari Azkoitiko Gurea pilotalekuan.

Bost egun eskas pasa dira Sakanakoak eta amezketarrak Nafarroa Arenan Lau eta Erdiko finala jokatu zutela, baina ezin esan biharamun handirik izan dutenik, os partida gogorra suertatu baita Binakako txapelketari hasiera eman diona, denera 657 gurutzatu baitituzte Aspeko pilotariek.

Txapelketako partida betea izan da Azkoitikoa, opari gutxikoa, erasoek baina, defentsek distira gehiago egin dutenetakoa eta hor, Ezkurdia-Martija gehiago izan dira. Atzean bietako inork ez du aurkaria hautsi, baina nabarmentzekoa izan da Julen Martijak egindako lana, batez ere txokoa defendatzerakoan. Ondo ezagutzen du Etxeberrikoak Altuna eta kosta egin zaio amezketarrari tantoa sartzeko zuloak topatzea.

Lehia orekatua izan da Binakakoari hasiera eman diona eta hamalaunako berdinketara arte, ez da lehia nondik hauts zitekeen asmatzea. Ordura arte tantoak alde batera zein bestera erori diren bitartean, hortxe egin dute urdinek partidako takadarik handiena. Partida luzatzeari inolako beldurrik gabe, sakandarrak gero eta erosoago sentitu diren bitartean, urdinek huts gehiago pilatzen hasi dira eta hortxe joan zaizkie euren aukerak. Ladis Galarza partida txukuna osatzen ari zen, baina azkenerako dozena erdi pilota utzi ditu eramateke eta Jokin Altunak ere zazpi kale pilatu ditu eta hortxe egon da partidako aldea, Ezkurdia eta Martijak bost gutxiago egin dituzte eta.

Egiguren-Erostarbe ere irabaziz hasi dira

Promozio mailako txapelketa ere Azkoitian hasi da eta lehen puntua EgigurenV.a eta Erostarbek eraman dute, Salaberria-Garmendiari 22-14 irabazita. Lehen partida honetan ere, lehen erdia orekatuagoa izan den arren, gorriek beste gatz bat erakutsi dute. Urretxuar atzelariak Garmendia dominatu du eta azpeitiarrak aukera horiek baliatu ditu amaierarako 12 tanto pilatzeko.