INFO

Ezberdin sentitzen den jendearen kolektiboa izan nahi du Zetak-ek

«Dena zalantzan jarri» eta Zetak sortu du Pello Reparaz musikariak. Badira 15 urte musikagintzan buru-belarri murgilduta dagoela eta Vendetta taldearen amaierarekin Londresen musika ikasketetan aritu denak abenduaren 5ean plazaratuko du bere lan berria.

Zetak proiektuaren aurkezpena. (NAIZ)

Pello Reparaz musikariaren proiektu berria da Zetak. Kontzertu berezi bat egin zuen Hernanin azaroaren 17an: bertaratutakoek sarrera erosi zutenean ez zekiten kontzertua non izango zen eta taldearen kantu bakarra baino ez zuten ezagutzen. Eta 800 lagun batu ziren Oialume dantzalekuan. Diskoa zuzenean kaskoetatik entzun eta emanaldi berezia eskaini zien Pello Reparazek.

Bilboko Kafe Antzokian kantu pare bat jo ditu zuzenean, zaletu eta hedabideen aurrean. Eta diskoaren «aurkezpena» izan da, baina disko barik oraindik. Sarean jarri dituen hiru kantuak dira orain arte Zetak proiektutik ezagutzen ditugun bakarrak: ‘Errepidean’ (ekainaren 11an plazaratutako singlea), ‘Nirekin topatu naiz’ eta ‘Pater noster’ karrikaratu ditu disko fisikoaren aurretik.

«Dena zalantzan jarri nahi dut», adierazi du Pello Reparaz kantari eta musikariak. «Zalantzan euskal musikaren industrian dauden ezarritako legeak, egiteko moduak», gaineratu du kezkati. Eta gauzak beste modu batera egiteko gogoa agertu du. Sare sozialetan bere zaleekin konektatuz, eta estetika eta molde berriekin ari da, horretan ez da zalantzarik, eta Kafe Antzokiko aurkezpena izan da horren lekuko. Eta Zetak asmoaren lehen manifestuari ahotsa jarri dio antzokiko Kutxa Beltza aretoan Gotzon Barandiaran idazleak: «Alfabetoa buruz behera izartu da // Eta okerra zuzena balitz? Eta bihurria arteza?», dio lehen bertsolerroetan. «Azkenak, ahaztuak, Zetak, Abezean ere atzen. Baina gu hor, eta zu hemen, zirkulua zarratzen».