INFO

Ernai ere batu da greba orokorrera, Euskal Herrian bizitzearen alde egin nahi duelako borroka

Gaur, Black Friday egunean, gazteen egoera ere «black» dela ohartarazi du Ernaik. «Ezin dugu bizi-proiektu duinik eraiki: aitortzarik gabeko lanetatik hasi eta praktika-kontratu mugagabeetara, enpleguaren eremuan ematen den prekarietateak eskubiderik gabeko subjektu bilakatzen gaitu», azaldu dute. Greba orokorrarekin bat egin dute.

Ernaiko kideen agerraldia, Donostian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Donostian egindako agerraldian, Ernaiko kideek urtarrilaren 30eko greba babesten dutela agertu dute, langile eta herri sektoreen bizitzen prekarizazio prozesu orokorraren baitan gazteok ez baitira kasu isolatu bat: «Gutxieneko pentsioa bermatuta ez daukaten nagusiak, soldata arrakala eta zaintza lanen aitortza eza lehen pertsonan pairatzen dugun emakumeak*, kalitatezkoa ez den eta sumisiora
lotzen gaituzten hezkuntza sistemen menpeko ikasleak... bakoitzak modu espezifikoan bizi arren, guztiak prekarizazio prozesu beraren ertzak dira».

«Unibertsitateko gradu bat eta bi master ikasi, lau hizkuntza menperatu eta ekintzaile izanez bizitza duinak izango ditugunaren iruzurra ez dugu irensten», erantsi dute. Ez dute sinisten errealitate gordina behin eta berriro azaleratzen zaielako: «Enplegua izanda ere, gazte asko pobrezia mugaren azpitik bizi gara; emantzipatzeko bataz besteko adina 30 urtekoa da, nahiz eta gehienok dezente lehenago nahiko genukeen (24 urterekin, ikerketen arabera), eta gure diru-sarreren %60tik nabarmen gora bideratu behar izaten dugu etxebizitza ordaintzera, esaterako».

«Saldu nahi digutena gezur borobila da»

Ideal bezala saldu dieten bizi proiektuari bizkarra ematen diote Ernaiko lagunek. «Oparitu nahi diguten guztia gezur borobila dela azpimarratzera etorri gara. Gazteok ez dugu promesa eta ilusio faltsurik nahi, Euskal Herrian modu duinean ikasi, lan eta bizitzeko bermeak nahi ditugu».

Urtarrilaren 30eko greba orokorra aukera bat dela ikusten dute, indarrak batzeko eta herri bezala bizitza duinen alde kokatzeko. Horregatik, Ernaik, Euskal Herriko gehiengo sozial eta sindikalarekin batera, parte hartzera deitu du euskal gazteria.