Bazen behin hutsune bat
Hutsunea
Hutsunea dut memorian. Ez dakit noiz hasi nintzen idazten argitaratu berri den “Joana Maiz” nobela grafikoa. Esan nahi dut ezingo nukeela ziurtatu idazketa prozesua zehazki noiz hasten den, fisikoki idazmahaira esertzeaz harago. Ea, datuak eta datak kontuan hartuta, hauxe jakin badakit: duela bi urte jaso genuen komikiaren proiektua garatzeko dirulaguntza ofiziala. Ordurako, jada istorioa idatzia nuen; hau da, biblia delakoa, argumentua eta bilbeak, pertsonaiak, baita gidoiaren lehen zatia ere, eta Joseba Larratxek, marrazkilariak, eginak zituen pertsonaien zirriborro batzuk. Hortik aurrera gidoiaren gainerako atalak idazten jardun nuen. Halere, esan dudan bezala, hutsunea dago: memorian, eta eskuan. “Hutsunea” deituriko erakusketa kolektibo batean parte hartu nuen 2002. urtean Irunen, eta oraintxe eskuan dut erakusketa horretako katalogoa, etxeko apalategi batean aurkitu dudana. Argazkiak erakutsi nituen, Irunen egingo nukeen balizko film baten castingaren eta lokalizazioaren laginak ziren argazkiak: txabola bat, atso bat sega batekin hiriaren erdiko azken baratzeetan, emakume gazte bat, zuhaitz bat. Argazki horiek egiten nenbilela jada ez ote nintzen idazten ari. Ez ote nintzen orduan hasi. Ez ote dira orduko atsoa, emakume gaztea eta zuhaitza, eraldatuta, egun “Joana Maiz” deituriko komikiaren baitan hizketan ari direnak, ni ere, uneotan, idazten jarduteaz hausnarrean ari naizen moduan.
(Kasik esan gabe doa, hutsunea eta Oteiza banaezinak dira. “Joana Maiz”-en, Oteiza egon badago)
Sormen prozesua?
Hortaz, sormen prozesua al da aipaturiko guztia, Hutsunea barne? Bai esamolde ponpoxoa, sormen prozesua! Zerbait urrunekoa eta teorikoa begitantzen zait, agian tesi arras intelektual baterako aproposa. Sormena abstraktua eta zabala dugu. Zer ez da sormena! Nahiago dut sormena zehatzagoa den zerbaitekin erlazionatu. Alegia, egitearekin. “Arte” hitzak sanskritoz “egin” esan nahi omen du. Hala, artefaktu edo obra kultural batez hitz egitean, egokiagoa deritzot “arteaz” aritzea “sormenaz” baino; arte=egin, ekin. Egiteak artisautzarekin lotzen gaitu, eta gustuko dut.
Artisautza teknika da hein handi batean; hots, zure lan tresnak erabiltzean duzun trebetasuna. Baina, trebetasuna nola lortuko duzu? Behin eta berriz eginez. Gainera, trebetasun horri espresibitatea edo adierazkortasuna gehituko diozu (zeure-zeurea dena, ahal izanez gero), edo, agian, biak uztartuko dituzu lanaren lehen urratsetik, eta urteetan zehar hobera egingo duzu (edo okerrera, edo berdin geratuko zara), halaxe, emaitza izan liteke testu literario bat, edo doinu bat, edo margolan bat, edo film bat, edo komiki bat, artista deiturikoek ondutakoak. Arituz, eginez, eraikitzen (barka erredundantzia) diren “gauzak”. Lan prozesu bat, zerbait kontatzeko, transmititzeko.
(Bide batez, arte/sormen bereizketa Marcel Duchampi hartu diot. Duchampen arrasto ugari daude “Joana Maiz”-en.)
Idaztearen ertzak
Hitzak dira nire lan tresna. Nobela grafiko edo komiki bat idaztean, ordea, hitzekin irudiak ere idazten ditut, gidoi bat idaztea irudiak idaztea baita, hein handi batean. Bo, “Joana Maiz”-i dagokionez, zer nolako komikia idatzi nahi nuen? Ba, beste galdera bat datorkit arrapaladan: idazleok aukeratzen al dugu idatzi nahi duguna? Ertz askoko kontua, alajaina. Teorian, baiezkoan nago, enkarguzko lan bat izan ezean, jakina. Beraz, soilik idaztetik bizitzeak (ala ez) aurreko galderaren erantzuna baldintzatuko luke. Beste galdera hau ere saihetsezina zait, ordea: nor da arduragabe, inozente eta xalo bere istorioaren pertsonaiak eraikitzerakoan, edota gaiak aukeratzerakoan? Bizi zaituen kulturak jaramonik egin ez dien pertsonaiak eraikitzea aukeratzen baduzu, baztertutako istorioak erdigunera ekartzen badituzu, testuak topatuko dituen erronkak, barrukoak (testuaren baitakoak) zein kanpokoak (testua argitaratu ostekoak) ezberdinak dira. Leku-une eta posizio zehatz batetik idazten (lan egiten) dugulako beti, ez dagoelako idazteko (lan egiteko) baldintza neutrorik, nahiz eta baldintza horiek humanismoz mozorrotzen, zuritzen edo desagerrarazten saiatu. Ez da kasualitaterik, beraz. Aldi berean, batzuetan, susmo bat izaten dut idazten amaitu ahala: gaiak ni aukeratu nau, nik beste ezer idatzi ezingo banu bezala. Etorri da iraganeko argazki hartako atso segalaria, eta aukera bakarra eman dit: asmatu Joana Maiz.
Etenaldien galbidean
Zorionez, ez dut bolizko dorre batetik idazten. Zoritxarrez, etenaldi ugari izan ohi ditu nire lanak: beste lanek eragindakoak, kontziliazio ezak eragindakoak, finean, kapitalismo patriarkalaren ostiko eta oztopo amaigabeak, gizaki eme naizen aldetik bereziki pairatzen ditudanak. Zer erremedio, etenaldi horietan ere aritzen naiz asmatzen, irudikatzen, aldez aurretik idazten, proiektatzen, garuna bor-bor.
Idazten egon beharko nuke, baina banoa auskalo noraino literatura tailer bat ematera larunbat goiz batez, eta kotxean piztu dut ia inoiz pizten ez dudan irratia, eta abesti bat entzun dut, zeinak ahaztuta nuen beste abesti bat gogorarazi dit. Aingura hegodunak. Komikiaren eszena baterako behar nuen kanta, hain justu. Irratia piztu ez banu eta lehendabiziko abesti hura entzun izan ez banu, iritsiko nintzatekeen Anariren horretara?
Domestikotasunak eragindako etenaldiak beti daude hor, saihetsezin, bizitza bera bezala, eta idazten ari zarena inbaditzen dute. Astero-astero azokan barazkiak saltzen dituzten baserritarren begietan andre segalariak dirau; aza zoragarriki arrunt baten arkitektura organikoarekin flipatzen dut. Landareen eta barazkien presentzia Joana Maizen iruditeriaren zati bat da, eta, ezinbestekoa den Joseba Larratxe marrazkilariak, bere-berea duen tankeran, marraztuko ditu sasiak, Blossfeldten loreak, eta, nola ez, azak. Bai aza gloriosoak! Marrazkien bitartez gauzatzen da komikiaren gidoia, ez da ahaztu behar.
Bestetik, edo gainetik, azpitik eta alde guztietatik, internetek lanean eragindako etenaldiak daude, digitalizazioak ekarri digun morrontza. Interneten kronofagiak alienatuta egonagatik, altxorrak ere deskubritu litezke. Webguneen amaraunean abduzituta nenbilen batean Liza Ambrossio argazkilari mexikarrarekin topo egin nuen. Komikian ageri diren barraskiloak bere argazki batetik irristatu dira.
Nola ez, sareak ordainpeko irtenbide bat fabrikatu du etenaldiei aurre egiteko: Freedom aplikazioak zuk aukeraturiko webguneak blokeatzen dizkizu zuk aukeraturiko tarteetan. Tira, itsasoari dikeak jartzea bezalako zerbait da, baina laguntzen du; probatzeko eskaintzen dituen doako saioak erabili ostean, baieztatu dezaket. Leihoak itxi beharra, gogoa dorre blindatu bihurtu soilik bertan dagoenari heltzeko.
Antigona
Sofoklesen “Antigona” irakurri nuen “Joana Maiz” idazten bukatu nuenean. Kontzeptualizatzen hasi nintzen. Kontzeptuak obra saltzeko komenigarriak dira, baina idazketa abiatzeko ez ditut gogoko, itsutu bainazakete. Antigona da boterearekin kolaboratzen ez duen emakumearen erradikaltasuna, da gizonen botereari aurre egitera ausartzea. Emakumearen justizia intimoa. Feminitate eros ezina. Momentu historiko bakoitzak bere antigonak ditu, are istorio partikular bakoitzak. Gure kasuan, hutsune batek bi antigona eman ditu. Kontzeptu gisa, diot.