INFO

Durangoko Azokak gazteei zuzendutako goizarekin hasi du 54. edizioa

Jada jende heldua ere gerturatzen hasi bada ere, gaurko goiza gazteei zuzendu die Durangoko Azokak, urtero lehen egunean egin ohi duen bezala. Ikastetxeetatik gerturatu dira milaka haur eta nerabe euskal kulturak eskaintzen dituen produktuak bertatik bertara ezagutu ditzaten.

Landako jendez gainezka zegoen. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

This browser does not support the video element.


Goizean goiz iritsi dira Durangora Euskal Herriko milaka gaztetxo euskal kulturaz bustitzeko prest, gehienetan ikastetxeen ekimenez. 10.30ak baino minutu batzuk lehenago Landako Guneko ate nagusian multzo handi bat pilatu da, argazkiak ateratzen, txangoak egitea beti delako pozgarria. Zabaltze orduarekin batera izan da garrasirik egin duenik ere eta sartzen joan dira, pixkanaka.

Gehienak korrika gerturatu dira postuetara, eskolan prestatutako galderei erantzuna lehenbailehen eman nahian. «Ginkana bat prestatu dugu stand bakoitza non dagoen eta azokan zenbat espazio dauden ikasteko. Postu zehatz batzuk kokatu behar dituzte. Normalean ez dira halakoetatik ibiltzen eta nire ikasleak –12-13 urte bitartekoak– interes gutxi dute euskal kulturarekiko, baina saiatzen gara pizten. Gero hona etortzea gustatzen zaie eta batzuk gurasoekin itzultzen dira asteburuan», kontatu digu Ermuako San Pelayo eskolako Nitxi irakasleak.

Gustora datoz Iruñeako Txantrea auzoko Eunate eskolatik etorri diren Iker, Iker eta Unax. Beraientzat azoka zabaltzen duten lehen aldia bada ere, egin beharreko lanak oso argi zituzten: «Azoka sustatzeko promozio bideo bat egin behar dugu –sakeleko telefonoarekin lanean ari ziren–, eta liburu edo diskoren bat erosiko dugu, eta famaturen batekin argazkia atera». En Tol Sarmientoko musikariekin minutu pare batez bada ere, egoteko itxaropena dute, baina argi ibili beharko dute euren standean sekulako ilara baitago. Baita Toti Martinez de Lezearen postuan, eta Zetak taldearenean ere.

Landako gunetik kanpo ere sekulako giroa dago eta gaztetxoak entzuteko eta ikasteko prest daude. Saguganbaran taldeka jarri dira ipuin tailer bat egiteko. Bertan, lehenengo abesti, bertso edo aho-korapilo bat txukundu eta irakurri edo abestu behar zuten, eta ondoren, Dixit jolaseko piezak erabiliz ipuinak asmatzeko gakoak eman dizkiete irakasle lanetan aritu diren ipuin kontalariak.

Plateruenan euskal musikaren transmisio tailerra egin dute beste behin, aurreko urteetako arrakasta ikusirik. Ikono bihurtu diren abestiak kantatu eta dantzatzeko aukera ematen zaie bertan. Szenatokian, berriz, arte eszenikoak bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen zaie. Karrika Antzerki Taldeak prestatzen ari den antzezlan baten zati baten entsegua egin du nerabe talde baten aurrean, eta hauek barre ederrak egin dituzte aurkezten zituzten egoerekin. Ondoren euretako batzuek ikusitako eszena bat berriro egiteko aukera izan dute. «Guretzat oso garrantzitsua da gaurkoa publikorik gabe ez dagoelako antzerkirik», esan du taldeko kideetako batek.