Azoka emankorra izan da 54.a, editoreen hitzetan
Euskal kultur ekoizpenen erakuslehio izateaz batera, editoreentzat urteko salmentaren saltoki garrantzitsua da Durangoko Azoka. 54. edizioak emandakoarekin gustura agertu dira eta, lau eguneko azoka izan den arren, ia baino gehiago saldu denaren irudipena dute gehienek. Halaxe kontatu digute.
Balorazio eguna izaten da azokako azkena. Editoreek aski ongi dakite kazetariok balorazio eske joango gatzaizkiela ate joka, eta gehienek prest izaten dute balantzea. 54. edizioa edizio emankorra izan da, editore gehienek datuek iazko salmenta gainditu dela erakutsiko dutela uste dute eta, beraz, azoka egunak laura murriztu izanak ez du aparteko eraginik izan, salmentari dagokionean behintzat.
Landakoko ateak ireki berritan harrapatu du Xabier Olarra, Igelakoa. «Aurreko urtea baino hobea izan da, orohar goraxeago joan da», esan digu ziurtasunez. Gaël Faye-ren “Ene herri txikia” liburuak izan duen harrera azpimarratu du. «Larunbatean izan zen jende gehien, baina vistan da lau edo bost egun izan, azkenean orekatu egiten dela dena. Iaz bost egun izan ziren, baina haietako biren artean egiten duzu aurten batean egin duguna. Ezberdintasuna da jendeak patxada gehiagorekin begiratzeko aukera duela», baloratu du. Salmentei begira azokak duen garrantzian jarri du azpimarra: «Gu hona etorriko ez bagina liburu-dendetan hemen saltzen denaren parte bat salduko litzateke, baina hemen egotea garrantzizkoa da arrazoi gehiagorengatik, ez bakarrik salmenta beragatik, baizik eta batez ere salmenta horrek eduki dezakeen oihartzunagatik. Horrek gerora ematen ditu emaitzak».
Ereinetik, Idoia Gonzalezek hartu gaitu. Ostegunekoa ikasleen goiza izaten da eta, alde horretatik, aurten haur baino gazte gehiago ibili direla eta pozik agertu da. «Era horretara, Saizarbitoriaren ‘Miren eta erromantizismoa’ pilo bat saldu dugu», esan du. Toti Martinez de Lezea da Erein-eko izarretako bat, eta autoreak sinatzen egoteak salmentan duen eragina nabarmendu du. «Asko igertzen da, beraiek daudenean asko saltzen da».
Txalapartako editore Garazi Arrula Ruizek ere ikasle goizan jarri du arreta: «Ahalegin bat egin behar da horretan, ez dela soilik ikasleen egun bat, ze 15.00etatik aurrera hau hilda dago». Stand berriekin esperientzia gazi-gozoa izan duela ere esan digu: «Politak dira eta estetikoki behar zen aldaketa bat, baina ez dira oso funtzionalak: barrak tartea kentzen digu, baina batez ere kaxoiak txikiak dira eta ibili behar duzu kontorsionistarena egiten sartu ahal izateko. Iruditzen zait, gainera, iritzi hau nahiko konpartitua dela».
Salmentarekin, aldiz, pozik da. Batez ere komikiaren arloan: ondo saldu da Harkaitz Cano eta Adur Larrearen “Antzara eguna”, eta “Tupust!” komiki kolektiboa eta iaz ateratako “Gerezi garaia” ere saldu dira: «Betiere Durangok ematen du feedback-a egiteko aukera eta neurgailu ona da, ikusi dugulako komikia ere mugitzen dela». Susako Leire Lopez Ziluagak, bere aldetik, iaz baino gehiago saldu dela uste du eta, izenik eman nahi izan ez badu ere, salmenta gehien idazle entzutetsuenen produktuek eta nobedadeek izan ohi dutela esan du. «Baina Durango batez ere topalekua da, irakurleekin egotekoa, beste editoreekin, guk hori baloratzen dugu gehien», esan du. Gaubela antzerki-obren bilduma berria ere «bere neurrian» mugitu dela dio.
Elkar-etik, Alaitz Aizpuru Juaristi ere gustura azaldu da. Elkarrek dituen salmenta lerro guztietan –Tartalo, Txertoa…- salmenta ona izan dela uste du, eta «nobedadeez gainera, askotan fondoan ditugun eta dendetan saltzea zailagoa den horiek ere berriz ere izaten dute hartueman zuzena jendearekin, eta pizten dute interesa». Salduenen artean, Iñigo Astiz eta Maite Mutuberriaren “Joemak eta polasak” eta Karmele Jaioren “Aitaren etxea” aipatu ditu, baita Simone de Beauvoir-en “Bigarren sexua” ere (Irene Arrarats-ena da itzulpena): «Eskafandra bilduma itxi duen liburua da, orain egin behar dugu impass bat bildumarekin, baina ziurrenik jarraituko dugu. Sekulako poza izan da ikustea 70 urteko emakumeak ‘euskaratu dute!’ esaten eta belaunaldi gaztetxoagoak ere liburuarekik interesa erakusten. Sekulako aportazioa egin zaio euskal kulturari».
Musikan ere pozik
Gatuzaineko Gorka Adinek «salmenta polita» izan dela uste du, eta eure produktuak prezio librean saltzeak emaitza ona eman duel uste du. «Jendea etorri da eta galdetu du, eta erosi ere egin dute. Pozik gaude emaitzarekin», esan du, nahi eta batzuk haserratu zaizkien: «Kulturak prezio bat duela uste dute, minimo bat markatu beharko genukeela».
Anjel Valdes-ek, Elkar-etik, euren standera hurbildu diren gazte kopurua izan du hizpide. «Beste modu batera kontsumitzen dute, baina bitxia da Hertzainaken fenomenoarekin gazte asko etorri dela erostera, eta Baldin Bada eta Kortatu ere erosi dituzte. Indartsuak izan diren taldeak iraunkorrak dira, beharbada bere gurasoen etxean ikusi dituztelako; musika eta taldeak beti daude lotuta oroimenarekin. Hori da kantuen benetako indarra». Salduenen artean, Eñaut Elorrieta eta Ruper Ordorika: «Horiek izan dira punteroenak salmentetan, baina geroz eta gehiago ikusten dugu jendeak artistekin egon nahi duela, hurbiltasun hori bilatzen duela. Artista dagoenean gehiago saltzen da».
Gor-etik ere pozik. Unidad Alavesa, Nahiak Nahi, Ibil Bedi eta Hemendik At izan dira salmentetan izarrak, eta azoka lau egunera murrizteak ostiralean jende pilaketa ekarri zuela uste du. «Baina Ahotsenean nabaritzen da gehien, azokako egun bat kenduta 17-20 talde azokatik kanpo geratu dira eta kristoren amorrua eman digu horrek. Ahotsenean agian zerbait pentsatu beharko lukete kanpoan geratzen diren horientzat», eskatu du.