INFO

Gazte eta ikasle mugimenduetako eragileak urtarrilaren 30eko greba orokorrera atxiki dira

Euskal Herriko gazte eta ikasle mugimenduetako eragileek bat egin dute urtarrilaren 30eko greba orokorrarekin. Beraien babesa adierazi dute ostegun honetan eginiko agerraldian eta gazteei egokitutako aldarrikapen taula aurkeztu dute.

Gazte eta ikasle mugimenduetako kideek agerraldia egin dute. (FOKU)

Euskal Herriko gazte eta ikasle mugimenduetako eragile ugari atxikitu dira urtarrilaren 30eko greba orokorrera, Eskubide Sozialen Kartak iragarritakoa. Honen berri emateko agerraldia egin dute ostegun honetan eta gazteen ikuspuntutik osatutako aldarrikapen taula aurkeztu dute.

Bizitza duin bat izateko, «Euskal Herrian lan, bizi eta ikasi nahi» dutela adierazi dute. Honekin, ikasketa prozesua gehitu dute greba orokorreko deialdian nagusitu den "lan, bizi eta pentsio duinaren" aldarrian.

«Azken urteetan krisiaren aitzakipean aplikatu diren politika neoliberal guztiek bereziki kolpatu gaituzte gazteak», azpimarratu dute. Hala, hauen ustetan, hezkuntzatik hasi da «erasoaldi» hau: murrizketekin, Lomce eta Heziberri erreformak inposatuz, etab.

Aldarrikapen taula

Hezkuntza publikoa, doakoa, inklusiboa, euskalduna eta feminista exijitzen dute beraien aldarrikapen taulan.

Ikasketa prozesua osatzeko egiten diren praktikaldiak askotan enpresariek «doako lana» eskuratzeko baliatu ohi dutela kritikatu dute eta behin lana eskuratuta, «prekarietate gordinarekin» topatzen direla.

Etxebizitzen espekulazioak beraien kabuz bizitzeko aukera ukatzen diela-eta, alokairu sozialak edo bestelako eredu batzuk martxan jartzea aldarrikatzen dute. Apustu etxeen areagotzea ere kritikatu dute eta horretarako jokoaren neurri mugatzaileak ezartzea funtsezko ikusten dute.

Pobreziarekin amaitzeko gizarte politiken egokitzapena, 1.200 euroko gutxieneko soldata, lanean diskriminaziorik egongo ez dela bermatzea, zaintza lanak duintzea edota prekarizazioarekin bukatzeko politika errealak nabarmentzen dira gazteen aldarrikapen taulan. Mugimendu feministak eta ingurumenaren aldeko eragileek dituzten aldarrikapenekin ere bat egiten dute. Mugimendu feminista pasa den astean batu zen greba deialdira.

Kalean, «indartsu»

Mugimendu feministan edo ingurumenaren defentsaren alde kalera «indartsu» atera direla iritzi dute. Honekin, gogoratu dute, benetako eraldaketa sozialaren aldekoa dela beraien borroka eta ez «politikari edo enpresariek euren propagandarako erabili ditzaten, gero ezer ez aldatzeko».

«Ofentsibara salto egingo dugu urtarrilaren 30eko greba orokorrean», diote. Gazte zein herri mugimenduko eragileekin sinergiak sortu eta greba orokorrean lehen lerroan parte hartzeko deia luzatu diote gazte orori.

Datozen egunetan egingo diren Greba Batzordeetan parte hartzeko ere eskatu dute; hala nola gazte espazioetan eta lan, pentsio eta bizitza duinak bermatuko dituzten neurrien aldeko mobilizazio dinamiketan ere.