Fernandez Iradi presoari zigorra eteteko eskaerari buruzko auzia, urtarrilaren 13an
Parisko Zigor Aplikazioen Auzitegiak Ibon Fernandez Iradi presoaren zigor etete eskaera ontzat eman zuen joan zen azaroaren 12an. Epaileak esklerosi anizkoitza duen Lasarte-Oriako presoaren osasun egoera eta espetxea ez direla bateragarriak onartu zuen. Alta, Fiskaltzak helegitea jarri ondoren azken epaia heldu den urtarrilaren 13an emango du jakitera Parisko Dei Auzitegiak.
Urriaren 30ean erabaki behar zuen Zigor Aplikazioen Auzitegiko epaileak Ibon Fernandezen zigor etete eskaera onartzen zuen, baina horren ordez, epaia azaroak 12ra arte atzeratzea erabaki zuen.
Epaileak, defentsaren eskakizunekin bat eginez, Fernandezen gaixotasuna artatzeko sendagileen txostenak proposatzen zituen neurriak espetxean bermatzea ezinezkoa dela onartu zuen.
Horrekin batera, testuinguru politiko berria kontuan hartuta, Fernandez kaleratuz gero, arriskurik ez lukeela suposatuko ere berretsi zuen epaileak.
Alta, Fiskaltzak helegitea jarri zuen berehala. Erabaki horren ondorioz Dei Auzitegiari dagokio azken epaia kaleratzea. Bi hilabeteko epea baliatuta, heldu den urtarrilaren 13an hartuko du erabakia.
Azaroan egin zen epaiketa ostean Maritxu Paulus-Basurko abokatuak «kezka handia» agertu zuen, bere esanetan, Dei Auzitegiak «orain arte beti uko egin diolako» euskal presoak kaleratzeari.