Itxaropenerako garaipena Olaizola eta Urrutikoetxearentzat (16-22)
Urteko azken partidan, Mikel Urrutikoetxea beste sasoi batekin itzuli da kantxetara eta Aimar Olaizolak ondo asmatu du tantoa amaitzen.
Balantzea egiteko eta datorrenari begira asmoak egiteko sasoia da hau eta, urteko azken partidan, itxaropenerako garaipena eskuratu dute Aimar Olaizolak eta Mikel Urrutikoetxeak, Irribarria-Rezustari 16-22 irabazi ostean. Behar beharrezkoa zuten puntuaren garrantziaz harago, emandako itxurak ere indarberritu beharko lituzke Baikoko pilotariak, freskatutako Mikel Urrutikoetxea bat ikusi ahal izan da-eta, azken bi asteak bajan eman ostean.
Gorabehera dezenteko lehia izan da Bilbon jokatutakoa, hein handi batean materialak baldintzatutakoa, izan ere, bakoitzak bere pilotarekin min handia egin baitiete aurkariei. Urdinak hobeto hasi diren arren, 0-2 eta 1-4 aurreratu dira, azkar xamar hartu dute Aspeko gipuzkoarrek partidaren aginte makila. Euren pilota biziagoarekin, gorriek euren kolpearen bizitasuna nagusitu dute eta Aramako aurrelariak inspirazio une luze xamar bat izan duenez, 8-4 eta 10-6 ere aurreratu dira.
Beteranoak, ordea, ez zeuden beste aukera bati ihes egiteko moduan eta partidari eutsi ahal izan diote. Pilota askoz motelago batekin, gorriak ez ziren gai minik egiteko askoz gehiago jo arren, Mikel Urrutikoetxea oso ondo defendatu da ezker eta eskuin eta partida erabat aldatu da. Jotzaileei ezinezkoa egin zaie aurkariak gainetik pasatzea eta bien artean oso leku gutxi utzita, tantoa non amaitu jakin ezinda utzi dituzte Irribarria-Rezusta.
Eta joko mota horretan, zuloak aurkitzea ia ezinezkoa zen horretan, Aimar Olaizolaren kalitateak eraman du puntua Baikokoen aldera. Jokoan sartzeko aukera eta pilotekin, errematean oso zehatz ibili da eta puntu garrantzitsu bat lortu dute.
Ibai Zabalaren lesioa
Urtea nahi bezala amaitu ezingo duena Ibai Zabala izango da, jaialdiko lehen partida hasi eta berehala, eskuin zangoan zuntz haustura bat izan eta partida bertan behera utzi beha izan baitu. Bihar egingo dizkioten probetan jakingo da haustura hori zenbaterainokoa den.