INFO

Hilabete baino gehiagoko greba bukatu dute Elecnorreko langileek, akordioa itxita

Hilabete baino gehiagoko grebaren ondoren, akordioarekin itxi da Arabako Elecnorreko langileen lanuztea, LABek jakinarazi duenez.

Elecnorreko langileen mobilizazio bat. (Juanan RUIZ/FOKU)

Elecnor Telecomunicaciones Araba enpresako langileek, batzarrean, erabaki dute duela hilabete baino gehiago hasi zuten greba bukatutzat ematea, PRECOren bulegoetan akordioa itxi ondoren. Guztira 38 egun zeramatzaten greba mugagabean, eta aurretik beste bost greba egun egin zituzten. 

LABek ohar batean azaldu duenez, beste hobekuntza batzuen artean soldata igoerak lortu dituzte, behin-behinekotasuna murriztea, bulegoetako langileen egoera hobetzea, eta «langile batek azken 16 urteotan jasaten zuen diskriminazioarekin amaitzea».

Sinatutako akordioaren arabera, aldi baterako kontratua mugagabe egingo zaie langile batzuei, eta 350 euro baino gehiago igo zaie soldata. Igoerarik txikiena 100 eurokoa izango da.

LABek langileen «konprimisoa eta tinkotasuna» nabarmendu nahi izan ditu. 

«Xantaia eta presioei aurre eginez, eta asko borrokatu ondoren, lortu da Elecnor bezalako enpresa handi bat Gasteizkoa bezalako tailer txiki batekin hitz egitera eseri behar izana, erraza izan ez den arren», azpimarratu du.

Lankideen «tinkotasun» eta elkartasunaren adibide gisa aipatu du grebalariek erabaki zutela aldi-baterako kontratua zutenen egoera konpondu arte greba ez zela amaituko.

Enpresaren jarrera salatu du sindikatu abertzaleak, «langileekin batzartzea saihestu» duelako, «komunikazioak posta elektroniko bidezko mezu eta telefono deietara mugatuz». Azaldu duenez, aurrez-aurreko hiru bilera baino ez dira egin, eta horietako bi, aste honetan bertan izan dira.

«Negoziazioan zehar, enpresa ahalegindu da bilera bakoitzean aldagai berriak sartzen, adostuta zegoena erretiratuz. Gainera, akordioa gertu izanda, enpresak modu artifizialean luzatu nahi izan du gatazka, langileek amore ematea helburu», gaitzetsi du.

Grebarako eskubidea urratu duela ere salatu du LABek, horretarako «beste lurralde batzutako langileak bidaliz grebalarien lana egitera».

Elecnorreko angileek erakundeen inplikazioa eskertu dute, batez ere «ateak zabalik jaso dituztenak gatazkaren berri eman dietenean».