INFO

Miñaoko zuzendaritzak De Miguel auziari buruzko azalpenik ez duela eman nahi salatu du EH Bilduk

EH Bilduk salatu duenez, Arabako Batzar Nagusietan eta Gasteizko Udalean agerraldia egiteari uko egin diote Miñaon dagoen parke teknologikoaren ordezkariek. Euren agerraldia eskatu du talde subiranistak Legebiltzarrean.

Arabako Parke Teknologikoa. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Arabako Parke Teknologikoko zuzendaritzak herrialdeko erakunde publikoei De Miguel auziaren ondorioei buruzko azalpenak ematea ukatu izana salatu du EH Bilduk. Ustelkeria kasu honen epaiaren nondik norakoak ezagutu ostean, Itziar Epalza eta Francisco Marquezen agerraldia eskatu zuen EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan eta Gasteizko Udalean. Hala ere, Arabako Teknologia Parkeko zuzendari nagusiak eta zuzendari kudeatzaileak uko egin diote azalpenak emateari, honako hau argudiatuz: «Administrazio Kontseiluak hartutako erabakiak dagoeneko publiko egin dira erakundeetako ordezkarien agerraldien bidez».

EH Bilduren ustez, ordea, Arabako Parke Teknologikoko zuzendaritzak oraindik azalpen asko eman behar ditu, izan ere, zigortua izen den Koldo Otxandianok parke teknologikoan lanean jarraitzen du. «Zigor epaia nahikoa izan da Stoarekin zuen kontratua bertan behera uzteko baina, aldiz, ez da nahikoa ustelkeria kasu honetan inplikatuta dagoen eta tramaren burua den pertsona baten aurkako neurriak hartzeko. Horregatik esaten dugu parkeko zuzendaritzak azalpen asko dituela emateko», adierazi dute Kike Fdez de Pinedok eta Miren Larrionek, EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan eta Gasteizko Udalean dituen bozeramaileek, hurrenez hurren.

Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia eta Lakuako Gobernua parke teknologiko horren Administrazio Kontseiluko kide dira eta 2008an instalazioak handitzea erabaki zuten. Stoa enpresari egindako esleipen baten bidez egin zuten hori, eta, epaian jasotzen denez, komisio bat ordaindu zuen lan horregatik. Epaia publiko egin baino hilabete gutxi batzuk lehenago, Arabako Teknologia Parkeak orain baliogabetutako kontratu hori berriz aktibatu zuen. «Uste dugu oraindik teknologia parkeak azalpen asko dituela, erakundeei ez ezik, herritarrei ere eskaintzeko», adierazi dute. Egoera honen aurrean, EH Bilduk euren agerraldia eskatu du Gasteizko Legebiltzarrean.