Itsasora heltzen diren hondakinen kopurua txikitzeko sentsibilizazio kanpaina Donibane Lohizunen
Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak kanpaina abiatu du, uraren kalitatearen zaintzaren inguruan gizartea sentsibilizako asmoz. Horretarako erdiguneko eta kostaldeko 20 estolda-zuloen ondoan plakak jarri dituzte, bertara botatako hondakinak itsasora helduko direla jakinaraziz.
Ibai eta itsasoko ur kalitatea babesteko 20 informazio plaka ezarri dituzte Donibane Lohizunen zehar. "Itsasoa hemen hasten da, deus ez bota otoi" emana da euskaraz eta frantsesez hiriko gune jendetsuenetan dauden estolda-zuloen ondoan jarri dituzten plaketan.
Egunerokotasunean ohikoak izan daitezkeen zenbait jokabidek eragin dezaketen kalteari buruzko sentsibilizazioa handitzea da kanpainaren xedea. Erre eta gero zigarrokina lurrera edo estolda-zulora botatzea da abibideetako bat.
Zigarrokinak ingurumenari egiten dion kaltea nabarmendu dute, eta jakinarazi dute Europako Batzordeak plazaratu berri duen ikerketa batean, hauxe dela europar hondartzetan gehien atzematen den hondakina (plastikozko ur botilak daude ondoren). Sortzen duten kutsadura handia da, filtroek dauzkaten plastikoek hamar urte behar baitituzte degradatzeko, eta uretara substantzia kimiko anitz botatzen dituzte, horietarik batzuk bereziki kutsakorrak direnak.
Zigarro hondakin horiek kalean edo hondartzetan biltzeak zerbitzu publikoetan duen kostua ere nabarmendu dute Herriko Etxetik.
«Marea kutxak»
Donibane Lohizune udalerri «jasangarria» izateko Herriko Etxeak duela zeinbat urte hartu zuen engaiamenduarekin bat egiten du kanpaina berri honek.
Bide horretan udazkenean «Marea kutxak» ezarri zituzten kostaldean, herritarrei itsasoak ekartzen dituen hondakinak biltzeko tokia emateko.