1936ko gerra eta diktadura frankistako 137 gorpuzki identifikatu ditu EHUk
Hamar urteko ibilbidean, 1936ko gerra eta diktadura frankistako 137 gorpuzki identifikatzea lortu du ikerketa-taldeak, eta beste 297ren profil genetikoa osatu du EHUko Biomics ikerketa-taldeak.
EHUko Biomics ikerketa-taldeko ikertzaileek argitara eman dute zer analisi-prozedura erabili dituzten 1936ko gerra eta diktadura frankistako hainbat hobitatik ateratako 525 giza gorpuzkiren identifikazio genetikoa egiteko. Taldea etengabe ari da optimizatzen senideekin alderatuz gorpuzkiak identifikatzeko teknikak. Hamar urteko ibilbidean, 137 gorpuzki identifikatzea lortu du ikerketa-taldeak, eta beste 297ren profil genetikoa osatu.
Kalkulatzen da 1936an hasi zen gerran eta haren osteko diktaduran 114.000 lagun inguru desagertu zirela Estatu espainol osoan. 80 urte igaro arren, ezin izan da biktima horien guztien ehuneko txiki bat baizik berreskuratu edo identifikatu: azken hamabost urteotan, 9.000 bat biktimaren gorpuzkiak berreskuratu dira 700 bat hobi komunetik (2.000 inguru daudela kalkulatzen da). Urte asko igaro direnez, eta horren ondorioz laginak oso hondatuta daudenez, ohiko metodoak ez dira nahikoa diskriminatzaileak pertsona ezezagun horien guztien gorpuzkiak identifikatzeko. Analisi genetikoak tresna eraginkorra dira biktimak identifikatzeko.
EHUko Biomics ikerketa-taldeak hamar urte daramatza desagertutako pertsonak identifikatu nahian; horretarako, hobietatik ateratako hezur- eta hortz-laginen azterketa genetikoa egiten du, eta senideen DNArekin alderatzen. «Desobiratutako gorpuzkien DNA lortu ondoren, markatzaile genetiko jakin batzuk aztertzen ditugu, aztertu nahi dugun senidetasun-motaren arabera», azaldu du Miriam Baeta doktoreak, zeina Biomics ikerketa-taldeko ikertzaile baita, EHUko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia sailekoa.
«Lan konplexua»
Ikertzaileak adierazi du identifikazio-lana konplexua dela; «izan ere, hil osteko DNAz ari gara; askotan oso degradatua iristen zaigu eta ez dugu lortzen haren profil genetiko osoa. Zenbat eta markatzaile gehiago aztertu, orduan eta errazagoa da identifikatzea edo bateragarritasuna frogatzea. Horrez gainera, askotan ez dugu izaten alderaketak egiteko senide egokirik, senide nahikoa hurbilak dagoeneko hilda daudelako edo lortzen ditugun markatzaileak ezin direlako alderatu senideen DNA-laginekin», erantsi du ikertzaileak. Miriam Baetak garrantzi handia ematen dio senideen DNA-bankuari, «etorkizuneko desobiratzeetan konparazio gehiago egin ahal izateko».
Taldeko ikertzaileek artikulu bat argitaratu berri dute, ezagutzera ematen duena zer ikasi duten hamar urteko ibilbide horretan. Zehazki, 525 giza gorpuzki identifikatzeko erabilitako teknikak eta prozedurak azaltzen dituzte. Identifikazio hori egiteko, aldi berean, 879 senideren listu-laginak hartu zituzten, eta, hala, desagertutako 137 pertsona identifikatzea lortu zuten. Guztira, ez zuten lortu aztertutako laginen % 17ren informazio-profilik, laginek DNA gutxi edo degradatua baitzuten; baina beste 297 giza gorpuzkiren informazio-profilak lortu zituzten, nahiz eta, hala ere, identifikatu gabe geratu. «Oro har, hezur-hondar gehienen profilak lortzen ditugu, baina ez dugu konparazioak egiteko senide egokirik», adierazi du doktoreak.