INFO

Koronabirusaren aurkako sendagai berri bat probatzen hasiko dira ikerlari txinatarrak

Txinako agintariek gaur inauguratuko dute Wuhanen koronabirusak kutsatutakoak artatzeko hamar egunetan eraiki duten ospitalea. Birusak hildakoen kopurua 361era iritsi da, eta kutsatutakoak 17.000tik gora dira. Ikerlari txinatar talde bat sendagai berri bat probatzen hasiko da.

Wuhaneko ospitalea hamar egunetan eraiki dute. (AFP)

Ikerlari txinatar talde bat koronabirusaren aurkako sendagai berri bat probatzen hasiko da gaurtik aurrera, ‘The Paper’ egunkari txinatarrak berri eman duenez. Botika dagoeneko probatu dute Estatu Batuetan kutsatu zen pertsona batengan, eta haren egoerak hobera egin duela diote. Remdesivir izena du eta ebola birusarentzat garatu zuen Gilead Sciences konpainia farmazeituko estatubatuarrak.

Pekingo Txina-Japonia Laguntasunaren Ospitaleko medikuek egingo dituzte frogak, koronabirusak kutsatuta dauden 270 pertsonengan.

Txinako Osasun Batzordeak eman dituen azken datuen arabera, 361 lagun hil dira koronabirusagatik, eta 17.200 baino gehiago dira kutsatuta daudenak. Oraingoz hildako guztiak Txina kontinentalean izan dira, Hong Kongen eta Taiwanen ez da heriotzarik izan baina bai kutsatutakoak.

Bi «ospitale expres»

Agintari txinatarrek gaur inauguratuko dute Wuhan hirian koronabirusak kutsatutakoak artatzeko hamar egunetan eraiki duten ospitalea. Huoshenshan ospitalea –suaren jainko baten izena darama– denbora errekorrean eraiki dute, mila ohe ditu eta gaurtik bertatik hartuko ditu gaixoak. Bertan 1.400 mediku militar ariko dira lanean.

Aste honetan bertan beste ospitale bat bukatzea aurreikusi dute Txinako agintariek, Leishenshan hirian. 1.300 ohe izango ditu.