INFO

Azken euskal finalean, gipuzkoar bat eta bizkaitar, baina ez Reala ez eta Athletic ere

Larunbatean bi euskal talde nor baino nor arituko dira, Koparen bila. Noiztik ez da hori gertatu mutilen lehiaketan? Ia mende bat egin behar dugu atzera...

Real Union, Atotxan 1931ean. (Ricardo MARTIN | KUTXA FOTOTECA)

1927. urtean izan zen, hain zuzen ere. Gipuzkoar talde bat eta bizkaitar bat izan ziren aurrez aurre, baina ez ziren ordurako jada indartsu zebiltzan Reala eta Athletic, baizik eta beren urte onenak egiten ari ziren Irungo Real Union eta Getxoko Arenas. Egun Bigarren B mailan dauden klubak, alegia.

1-0eko emaitzaz nagusitu ziren irundarrak, Zaragozako Torrero estadio mitikoan. Luzapena behar izan zen, partida oso orekatua jokatu baitzuten. Horrekin laugarren Kopa zuten irundarrek (aurretik 1913koa lortua zuten Irungo Racing izenarekin, eta 1918koa eta 1924koa oraingo berarekin). Getxoko Arenasek ere bazuen sari hori eskuratua lehenik; 1919an Bartzelonari 5-2 irabazi zion, Madrilen.

Bitxikeria ugari dakarzkigu azken euskal final hark: esaterako, irratiz zuzenean kontatutako lehena izan zen. Eta orain telebistarekin gertatzen den bezala, hedapena kontrolatzeko neurri zorrotzak jarri zituzten. Union Radio enpresak kafetegi, antzoki, taberna eta abarrei jakinarazi zienez, bozgoragailuen bitartez beren seinalea zabaltzea zeharo debekatuta zen.

Hasierako berdinketa desorekatzeko ia bi ordu behar izan zituzten irundarrek eta getxotarrek. 30 minututako luzapena amaitzeko hiru minutu eskas falta zirela, Etxebestek egin zuen Real Unionen gola. Regueiro anaiak, Antonio Emery, Francisco Ganborena eta Rene Petit nabarmentzen ziren talde hartan. ‘La Vanguardia’ren kronikak dioenez, Jauregi atezaina izan zen Arenasen jokalari onena. Jaime de Borbon infanteak eman zien saria irabazleei. 

Hortik aurrera, bi taldeen gainbehera gertatutako zen... eta Athleticen suspertzea. Oro har 23 Kopa irabazi dituzte San Mamesekoek, eta bi Realak (lehena Club Ciclista San Sebastian izenarekin, 1909an).

Athleticen azkena 1984an izan zen; Realaren bigarrena eta euskal taldeentzako azkena, 1987an. Athletic bera, Reala, Alaves eta Osasuna gertu egon dira gero, finalera helduz baina garaipena lortu gabe (sei final galduta jarraian). Bada historia berritzeko garaia...