INFO

Jesus Uzkudun: «Ni seguru nago langileek ez zekitela amiantoa zegoenik»

Jesus Uzkudunek urteak daramatza amiantoaren inguruan lan egiten. NAIZ Irratian hitz egin du eta adierazi du bera seguru dagoela zabortegian lanean ari zirenek ez zekitela amiantoa zegoenik.

Jesus Uzkudun (Andoni CANELLADA / FOKU)

This browser does not support the audio element.


«Neretzat astakeria bat da amiantoa zabortegietara eramatea». Era horretan mintzatu da Jesus Uzkudun, azken urteetan amiantoarekin lan egin duen CCOOko sindikalista izandakoa. Substantzia horrekin egin beharrekoa bizigabetzea dela adierazi du ‘Informazioaren Haria’ saioan.

Amiantoa tratatzeko zabortegi bereziak daudela azpimarratu du Uzkudunek eta langileek ere prestaketa berezia behar dutela. «Seguru nago zabortegi horretan lanean ari zirenak ez daudela amiantoarekin lan egiteko prestatuta». Datu bat gaineratu dio horri: gaur egun 2.150 langile daudela EAEn amiantoarekin lan egiten inolako kontrolik gabe.

Amiantoarekin lan egiten duten langileek zerrenda berezi batean egon beharko luketela uste du Uzkudunek, eta protokolo bereziak erabili behar direla. «Jakin nahi nuke Zaldibartik erretiratutako lurrak nora eraman dituzten». 

Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi du amiantoa ez dagoela substantzia arriskutsu bezala katalogatuta, betiere zabortegian ondo gordeta egonez gero. Uzkudun ez dago ados horrekin; «Amiantoa kantzerigeno larrienetakoa da». Amiantoaz kutsatzeko apur bat arnastea nahikoa dela adierazi du eta «astakeria bat» iruditzen zaiola zabortegietan biltzea. «Seguru nago garbi agertuko dela ez dutela inondik inora legea betetzen».

Urtea hasi denetik amiantoaren ondorioz 5 pertsona hil dira, Uzkudunek dituen datuen arabera.