Gueñes Biziako kideak gose greba utziko du, txostenaren egileak Zallara bertaratuko dira eta
Gorka Llantada Gueñes Bizia plataformako kideak bertan behera utziko du gose greba gaur arratsaldean. Azaldu duenez, arrazoia da CSICekin lotura izan duten ikertzaileak Zallara bertaratuko direla ostiralean agerraldi publiko batean Glefaran berehala gelditzeko eskatzen duen txostenari buruz azalpenak emateko. Horren ostean, aztertuko du protestarekin jarraitu ala ez, NAIZi azaldu dionez.
Gorka Llantada Gueñes Bizia plataformako kideak otsailaren 10etik egiten duen gose greba bertan behera utziko du gaur arratsaldean, NAIZi aurreratutakoaren arabera.
Azaldu duenez, Glefaran enpresaren jarduera gelditzeko eskatzen duen txostena burutu duten ikertzaileak Zallara joango dira ostiral honetan ikerketaren inguruko zehaztapen guztiak emateko, eta gose greba utzita zientzialarein agerraldia prestatzen zentratuko da.
Fernando Palacios, Josep Ferris i Torjada eta Eduard Rodriguez Farre dira txostena sinatzen duten zientzialariak, eta nazioartean jarduerak osasunean dituen eraginak aztertzen duen ikerketen bibliografian oinarrituta Glefararen jarduera gelditzea gomendatzen dute, herritarren osasunean izan ditzakeen kalteak direla-eta.
Llantadak azaldu du ikertzaileen txostenak zalaparta handia sortu duela eta horren inguruan nahasmen saiakerak egon direla. Zehaztu duenez, ikertzaileek egin duten lana ez da CSICek egindako lan bat, baizik eta nazioartean dauden azterketa zientifikoetan eta horien bilbliografian oinarritutako lan zientifiko bat.
«Ez baieztatu ezta gezurtatu ere»
«CSICek ez du baieztatu ezta gezurtatu ere, Estatu espainolean ez delako inoiz biomasaren errausketa eta honek osasunean dituen eraginen inguruko ikerketa inoiz egin», aipatu du.
Auzokideak nabarmendu duenez, batzuk saiatu dira txostena deskalifikatzen balioa kentzeko, eta hori dela-eta sinatzaileek eurek erabaki dute agerraldi publiko batean txostenaren ondorioak baieztatu eta horren inguruan behar diren azalpen guztiak ematea.
«Presio politikoak»
«Hitz egin ahal izango dute kasu hauetan dauden presio politikoetaz, bereziki une honetan non mundu guztia ikusten ari den gauza hauek zelan funtzionatzen duten», azaldu du Llantadak.
Ostiraleko agerraldiaren tokia eta ordua zehazteko daude oraindik, baina aurreratu du Zallan eta arratsaldean izango dela, seguruenik 19.30 aldera.
Otsailaren 10ean hasi zuen gose greba Gueñes Bizia plataformako kideak Glefaran enprearen inguruan Gueñes eta Zalla udaletako alkateekin batzar publiko bat lortzeko. Eskaerak ez du udal agintarien aldetik erantzunik izan, eta Llantadak aurreratu du aztertuko duela zientzialarien agerraldiaren ondoren grebarekin jarraitu ala ez.
«Orain ostiraleko agerraldi publiko hori antolatu behar dugu, zientzialarien hitzak entzun daitezen, honen ondoren erantzun sendorik ez badago, aztertu behar dugu protestarekin jarraitu behar dugun», adiearazi dio NAIZi.