INFO

Euskarazko haur eskolen aldeko aldarria plazatik udalbatzara eraman dute Iruñeko familiek

Iruñean euskarazko haur eskolen eskaintza murrizteko Udalak hartutako erabakiaren aurkako aldarriak plazara eraman dituzte beste behin familiek, baina gaurkoan, udalbatzan ere eman dute beren kezka eta eskarien berri. 

Euskarazko haur eskolen aldeko elkarretaratzea, Iruñeko udaletxe plazan. (Iñigo URIZ/FOKU)

Osoko bilkurak Iruñeko euskaldunen hizkuntza eskubideak murrizten dituen ordenantza behin betiko onartu duen egun berean, euskarazko haur eskolen aldeko aldarrikapena kalera atera dute berriro ere familiek. 

Izan ere, iragan urtarrilean Enrique Maya buru duen Udalak Donibane eta Printzearen Harresiko haur eskoletan euskarazko eskaintza erretiratzeko erabakia iragarri zuenetik –aurreko legegintzaldian eginiko urratsak leheneratuz–, familien kezka eta haserrea nabarmena izan da, eta mobilizazio desberdinak egin dituzte eskubide hori defendatu eta aldarrikatzeko. «Haur eskolak euskaraz» edota «hemen gaude euskararen alde» leloak oihukatu dituzte.

Gaur bertan, elkarretaratze zaratatsua egin dute Udaletxe plazan, eraikinaren barruan osoko bilkura egiten ari zirela. «Iruñean haur eskolak euskaraz» zioen pankartaren atzean, gurasoek, haurrek eta gainerako herritarrek euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute.  

Ondoren, barrura sartu eta udalbatzaren aurrean eman dute beraien eskaera eta aldarrikapenen berri. Besteak beste, euskararen eskaintza eskari errealari egokitzeko eskatu dute. 

Afera honi lotuta, atzo, ia 9.000 sinadura eraman zituzten zentroetako langileek Iruñeko Udal Erregistrora, Enrique Mayaren Udalak hartutako erabakiaren aurka.