«Paro herritarra» deitu du Zaldibar Argituk martxoaren 12rako, «erantzuleak mugi daitezen»
Martxoaren 12rako lanuztea (12.00etatik 15.00etara) egitera deitu ditu Zaldibar, Eibar, Ermua, Elgeta eta Mallabiko herritarrak Zaldibar Argitu plataformak eta gainerako herrietan ere mobilizazioak egiteko deia egin du. Erantzukizun politikoak eskatu ditu «Zaldibarkoa errepikatu ez dadin» eta dena gelditzera deitu dute «erantzuleak mugi daitezen».
Eitzaga auzoan, Verter Recyclingen zabortegitik metro gutxira, agerraldia egin du Zaldibar Argitu plataformak zabortegia erori zenetik hilabete pasatu denean «gauza gehiegik argitu gabe» jarraitzen dutela salatzeko. «Ezin dugu ezer gertatu izan ez balitz bezala jokatu, oso larria izan da gertatu dena eta oso larria izaten jarraitzen du», herri ekimenaren arabera.
«Erreala ez den normaltasuna eteteko» martxoaren 12rako «paro herritarra» deitu du Zaldibar Argituk Zaldibarren bertan, Eibarren, Ermuan, Elgetan eta Mallabian. 12.00etatik 15.00etara deitu dute geldialdia; 12.30ean izango dira lehen mobilizazioak eta 19.00etarako mobilizazio bateratua deitu dute Eibar eta Ermua arteko biribilgunetik hasita.
«Erakundeak mugiarazteko» kalera deitu dituzte herritarrek, «Zaldibarkoa errepikatu ez dadin», eta eragile sozial eta sindikalei deiarekin bat egin dezatela eskatu diete, «indarrak batzea eskatzen baitu egoerak». Lanuzte deialdiarekin bat eginez, gainerako herrietan ere mobilizazioak egiteko deia egin du plataformak, «hondakinen kudeaketak denoi eragiten digulako».
Lanuzte egunean 12 puntuko aldarrikapen taula egingo dutela publiko aurreratu dute, «puntuz puntu aztertu eta bete dezaten, langileak topatu arte, gure osasunaren eta bizitzaren defentsan eta erantzukizun politiko guztiak argitu arte».
Lore eskaintza ostiralean
Joaquin Beltran eta Alberto Sololuzeren egoeran azpimarra berezia egin du Zaldibar Argituk, «oraindik desagertuta daude». Lakuak emandako azalpen teknikoak «oso mugatuak» direla diote eta «higiene demokratiko hutsagatik dimisioak mahai gainean» jarri behar dituztela.
Bihar beteko da istriputik hilabete eta desagertutako bi langileak gogoan lore eskaintza antolatu dute, Eitzaga plazan bertan, 18.00etan.