Mugimendu Feministak mahai tekniko bat osatuko du zaintza krisiari heltzeko
Zaintza Koordinatzeko Mahaia martxan jartzeko eskaera egin die Mugimendu Feministak erakundeei koronabirusak sortutako krisiari aurre egiteko. «Mahai horretan egon beharko dute, alderdiez eta sindikatuez gain, orain arte erabakiak hartzean baztertuta egon diren gizarte eragileek, hala nola mugimendu feminista eta langileen elkarteak», adierazi du.
Euskal Herriko mugimendu feministak mahai tekniko bat osatuko du Covid-19 koronabirusak eragindako zaintza krisiari heltzeko. «Zainketen krisia ez da azaleratu Covid-19tik, baizik eta hamarkadatan iragarri duguna orain ikusgarriagoa da», adierazi du. Eta 48 orduko epea eman die Lakuako eta Nafarroako gobernuei, Euskal Elkargoari, euskal alderdi politiko nagusiei eta eragile sindikalei mahaian parte hartzeko prest dauden ala ez esan dezaten.
«Une honetan alarma egoera ezarri da, eta ixtea eta konfinatzea agindu da, baina ez dago gobernu neurririk erantzun kolektibo bat emateko; erantzun indibidualak baino ez dira eman. Gogorarazi nahi dizuegu ezetz, nahiz eta gure etxeetan konfinatuta egon, antolaketak kolektiboa izan behar duela; izan ere, dagoeneko ekimen komunitario asko sortzen ari dira», gaineratu dute mugimenduko kideek streaming bidez egindako agerraldian.
«Hala ere, urteetan hizpide izan dugun zaintza krisia agerian geratu da egunotan Covid-19 birusaren pandemiarekin, eta ez da irudikeria bat; are nabariagoa da, krisi horrek kolapsoa ekarri duelako. Ez da koiunturazko zerbait, zaintza krisia egiturazkoa da. Horregatik da beharrezkoa paradigma aldatzea, norbanakoaren autosufizientziaren sinesmenean oinarritutako eredu neoliberala aldatzea, eta behingoz bizitza erdigunean jartzea. Honezkero ez dakigu nola esan», gaineratu dute.
Azpimarratu dutenez, haien asmoa ez da egoera honetan oztopoak jartzea, «baina hartzen ari diren neurri batzuek eragin diguten kezka adierazi behar dugu, uste baitugu krisi hau larriagotu dezaketela». «Etxean geratzen gara konpentsazio ekonomikoko neurrien berri izan gabe, egoitzetan beste inor sartzea debekatu da baina ez zaigu azaldu mendekoak nola zaindu, ez dakigu zer gertatuko den osasunerako eskubiderik ez duten migratzaileekin, etxeko langile egoiliarrek etxeetan jarraitzen dute kutsatuak izateko arriskuan, indarkeriaren biktimak isolatuta geratzen dira eta erasotzaileengandik ihes egiteko aukerarik gabe», ohartarazi dute.
«Jarrai genezake, baina gure ardura arriskuez ohartaraztetik haratago doa. Uste dugu beharrezkoa dela gizarte zibilarekin kontatzea, beti ahaztua den horrekin, hala nola langileen elkarteekin edo gizarte mugimenduekin, baita beste eragile batzuekin ere, elkar koordinatzeko eta bizitzen ari garen egoerari erantzun eraginkor bat emateko. Eta gu, mugimendu feminista garen aldetik, prest gaude esertzeko, eta erantzun hori elkarrekin lideratzeko eta koordinatzeko», esan dute.
Eta mezu bat azpimarratu dute: «Krisi honetatik aterako gara soilik elkarrekin ateratzen bagara. Horretarako beharrezkoa da antolaketa soziala, eta botere publikoek onar dezatela interlokuzioa izatea benetan jendartearen eta bizitzaren iraunkortasunaren zein zaintzaren atzean gauden eragileekin, zeren, gainera, jendartea behetik mugiarazteko eta antolatzeko gaitasuna baitugu».
«Beharrezkoa da gure ahotsa entzunaraztea eta, behingoz, Mugimendu Feminista solaskide baliagarritzat hartzea; izan ere, alferrik da politikariak eta erakundeetako ordezkariak martxoaren 8ko manifestazioetara joatea edo argazkiak ateratzea egoera politikoa aprobetxatuz, gero ez badira gai izango guri ahotsa, solaskidetza eta erabakitzeko gaitasuna emateko. Egiten eta eskatzen ari garena erantzukizun politiko eta moraleko kontu bat da. Koordinatzeko eskaintzen ari gara gure burua, lan egiteko. Errealitatea onartzeko eta horren arabera jokatzeko unea da», adierazi dute.