INFO

Fermin Muguruza diskoak eta dokumentalak igotzen ari da Youtubeko kanalera

Etxeko egun hauek eramangarriagoak egin asmoz, Fermin Muguruza musikaria bere lanetako batzuk igotzen ari da Youtube-n duen kalanera. Momentuz, ‘Nola?’ eta ‘Beltza naiz’ dokumentalak daude eskura eta hainbat disko.

Fermin Muguruza edukiak igotzen ari da sarera. (Jon URBE I FOKU)

Dena da ongietorria etxean igaro behar diren aste hauek modu arinenean igarotzeko eta, zentzu horretan, kulturak espazio propioa hartu du. Denbora erraz kontsumitzen laguntzen du. Beste artista askok egin duten bezala, Fermin Muguruzak ere jarraitzaileak zaindu nahi ditu egunotan, horregatik ekin dio bere hainbat lan Youtube-n duen kanalean igotzeari.

Dokumentalak eta diskoak hasi da konpartitzen musikaria, Twitter bidez artistak berak baieztatu duenez. Momentuz, ‘Nola?’ eta ‘Beltza naiz’ dokumentalak daude eskura. Diskoei dagokienez berriz, ‘Brigadistak’, ‘ErreMIXak’, ‘Asthmatic Lion’, ‘Mirant al Cel BSO’ eta ‘Kortatu’ sarean daude; atzo ‘Euskal Herria Jamaika Clash’ lanaren txanda izan zen.

Katrinaren 10. urteurrena

2014an New Orleansera egindako bidaia baten ondotik sortu zitzaion Fermin Muguruzari Katrinari eta tokiko musikari lotutako dokumentala egiteko ideia. Hortik sortu zen ‘Nola?’. 2015eko maiatzean bigarren bidaia bat egin zuen guztia antolatzeko eta irailean grabatu zuen soilik hiru astetan dokumental osoa, baita hamar kantutako musika disko bat ere, bere ibilbideko kantu batzuen birmoldaketekin osatutakoa.

Katrinaren ondoren New Orleansko komunitateak izan dituen erronkak eta etorkizunari nola begiratzen dion, 25 musikari eta bi dokumentalistaren ekarpenen bitartez jaso zuen Irungoak aipatu dokumentalean. Hartara, bere hamar kantu horiek, bertako musikariek birmoldatuak, hari narratibo nagusi dira tokiko kulturaren argazki bat lortze aldera.

Eskura dagoen beste dokumentala, esan bezala, ‘Beltza naiz’ da. 2018an ekoiztua, ‘Black is Beltza’ filma nola egin zuten kontatzen du, hau da, haren making of-a da. Bi ataletan banatzen da, lehenak kontatzen du nola egin zen transmedia proiektu bat ‘Black is Beltza’ filmaren inguruan, eta horren ardatza da Amaia Jackson, filmean parte hartu zuen zarauztarra. Bigarren zatian animazio prozesua azaltzen da zehatzago, eta tartean elkarrizketak daude artista eta aktibistekin.