INFO

Hendaiako Sokoa lantegia itxiko dute heldu den apirilaren 5a arte

Bulegoko altzariak ekoizten dituen Hendaiako Sokoa lantegiak ateak itxiko ditu heldu den apirilaren 5a arte. LAB sindikatuak lantegian duen ordezkariak etxeratze baldintzak negoziatu ditu zuzendaritzarekin. Langileek soldataren %100 kobratuko dute denbora horretan. Covik-19 birusak ekonomian izanen dituen alboko ondorioak oso bestelako eremuetan igarriko dira. Horrendako Baionako Merkatal eta Industria Ganberak batzorde krisia eratu du.

Sokoa lantegia bulegoko altzarien punta-puntako ekoizle da. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Iragan astelehenean eskolak eta aisialdi zentroak itxi zituzten Ipar Euskal Herrian. Bezperan, berriz, jatetxe eta tabernek pertsianak jeitsi zituzten. Industria sektorean ere berehala nabaritu da krisiaren eragina. Kasu batzutan hornidura faltak ekoizpen prozesuaren moteltzea edo gelditzea eragin du, beste batzuetan langileek indarra egin dute osasun larrialdiari erantzun irmoak emateko xedez.

Bigarren kasua gertatu da Sokoa lantegian. Bulegoko altzariak egiten ditu Hendaian dagoen enpresak. Are Eestatu frantses mailan bulegoko aulkien lehenengo ekoizlea bada.

200 bat langilek lan egiten dute bertan. Horietarik 40 inguruk etxetik lan egiteko eskaera pausatu zuten astelehenean bertan.

LAB sindikatuak bilera eskatu zuen egun berean zuzendaritzarekin, langile guztien etxeratzeko prozesua antolatzeko.

Heren Muruaga da LAB sindikatuko ordezkaria Hendaiako lantegian. Azaldu duenez, «argi genuen oso zaila izanen zela gure lantokian osasun segurtasun neurriak betetzea, esaterako eremu amankomun handian pausa egiten dugulako».

Nabarmendu duenez, «gure lehentasuna izan da langileak etxera itzultzea neholako kalterik gabe jasan gabe, beraien eskubide guztien jabe».

Emmanuel Macron frantses presidenteak 300 miliardoko laguntza martxan emateko asmoa iragarri zuen astelehen gauean telebistaren bidez eginiko agerraldian.

Lehentasun bi finkatu zituen agintariak: enpresa bakar batek ere hondora jo ez dezan ondoko bi hilabeteetan, eta langileak babesteko langabezia saria orokortzea.

Hala adostu dute Sokoan. Apirilaren 5era arte lantegia itxita izanen da eta langileek diru sariaren %100 poltsikoratuko dute, Muruagak zehaztu duenez.

Sokoa enpresako zuzendaritzak, bere aldetik, krisia hasi zenean ekoizpenarekin jarraitu aha izateko egitasmoa plantan eman zutela azaldu du. Alta, krisia areagotu denean ezin dela posible izan aurrera egitea nabarmendu du.

Hori dela eta, hainbat beharginek -bulegariak gehienbat- etxetik jarraituko dute lanean. Atelierrean izanen du eragin handiena geldialdiak, «horniduren faltagatik» ezin delako lan jarduera atxiki, Sokoako zuzendaritzak zehaztu duenez.

Bertze lantegi anitz bidse beretik

Lapurdiko beste hainbat enpresak bide beretik joko dutela aurreikusten du LAB sindikatuko ordezkari den Muruagak.

Epta, Epidaure, Signature... atzo indarrean eman zuten konfinamendu aginduak prozesua azkartu dezake.

Ipar Euskal Herrian ere, milaka eta milaka langilerengan eragina izanen du osasun krisiak.

Horrendako, Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak (MIG) krisi batzorde bat plantan eman du koronobirusaren eraginak pairatzen dituzten enpresak laguntzeko. Andre Garreta erakundeko presidenteak «zorigaitz honen aitzinean» proposaturiko neurriak azaldu ditu.


Merkataritza eta Industria Ganberak enpresak bakarrik ez uzteko engaiamendua hartu du. Horretarako batzorde berezi bat sortu eta frantses Gobernuak harturiko neurriei buruzko informazioa eskainiko die enpresei.

Krisi batzordea eratu du Baionako Ganberak


Hori dela eta, Ganberak hainbat arlo jorratuko ditu. Alde batetik, aktibitatea mantendu duten enpresei hartu beharreko neurriei buruzko informazioa eskainiko die.
Bestalde, kaltetuenei ere eskuratu daitezken laguntzei buruzko informazioak emanen dizkie. Horien artean, zerga zuzenen ordainketaren gibelatzea.


Neurri horiek Macronek berak iragarri zituen martxoaren 16ko hitzartzean. Hala ere, Ganberako arduraduek «zergen ordainketa airean uztea ez dela aski» uste dute, enpresek ordaintzen dituzten zerga guztiak bertan behera uztea eskatuko dute krisia gaindituta ere «ondoko hilabete aski zailak izanen direlako».