Italian beste 651 pertsona hil dira, guztira 5.476 hildako zenbatzen dituzte Covid-19aren ondorioz
Oraindik oso goiz da Italiako egoera hobera jo duela esateko eta horregatik babes neurriak indartu ditu gobernuak. Hala ere, datuen arabera, igandean aurreko bi egunetan baino jende gutxiago hil eta kutxatu da. Arreta mantendu behar dela esan dute agintariek, berriro atzera ez egiteko.
Italiako Gobernuak 651 hildako berri baieztatu ditu igande honetan herrialdean, koronabirusaren ondorioz. Dagoeneko 5.476 hildako eta 59.138 kutsatu daude, Angelo Borrelli Babes Zibileko buruak jakitera eman duenez.
Agerraldian, Borrellik azpimarratu du azken orduetan kopuruak egonkortu egin direla. Igandeko zifrak ostiraleko eta larunbatekoak baino pixka bat baxuagoak dira eta hori albiste ona bezala ikusten dute.
Babes Zibilak joera mantentzea espero du, baina «ez dugu arreta jaitsi behar», gaineratu du Borrellik.
Minutu batzuk lehenago, Italiako agintariek igande honetan iragarri dutenez, une horretatik aurrera debekatuta dago garraio publikoan eta pribatuan bidaiatzea, baita bizilekua dagoen udalerrian bertan ere, justifikatuta ez badago.
Lanera joan behar izatea, larrialdi kasuak edo osasun arrazoiak eragindako joan-etorriak baimenduta daude, azaldu du ‘ADNKronos’ Italiako albiste agentziak jasotako Osasun eta Barne ministerioen ordenantza bateratuak.
Era berean, Italiako Gobernuak debekatu egin du igande honetatik aurrera pertsona bat baino gehiago ibilgailu pribatuetan ibiltzea, ezinbesteko arrazoia egiaztatzen ez bada, beti ere.