INFO

Sololuze eta Beltranen bila jarraitzen dute Zaldibarren, egunean 10 orduz, 54 egun eta gero

Egunean 10 ordu eta erdiz mantentzen dituzte Zaldibarko zabortegian Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran, duela 54 egun gertatutako luizian desagertutako langileak, bilatzeko lanak. Eremuaren egonkortzea ere, martxan.

Zaldibarko zabortegian, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran aurkitzeko lanak. (IREKIA)

Lakuak jakinarazi duenez, egunero, 08:45etatik 19:15era Zaldibarko zabortegiko bilaketa gune guztietan mantentzen ari dira Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze aurkitzea helburu duten lanak. Sololuzeren senitartekoek, astelehenean GARAn argitaratutako elkarrizketan, gorpua aurkitzea «etapa hau ixteko zein garrantzitsua» izango litzatekeen nabarmendu zuten.

Koronabirusak sortutako osasun krisiaren ondotik, funtsezko zerbitzuak ematen ez dituzten langileentzat baimen ordaindu berreskuragarria arautzen duen martxoaren 29ko 10/2020 Errege Lege Dekretuak sortu zituen zalantzen aurrean, espainiar Gobernuak baieztatu zuen honek ez zituela eragiten eta geldiarazten Zaldibarko zabortegiko egonkortze lanak eta bilaketa operatiboa.

Bilaketaz gain, eremuetako bat hondakinak biltzeko gelaxka moduan egokitzea eta martxan jartzeko lanetan ari dira. Lakuak adierazi duenez, «litekeena da» apirilaren 2tik aurrera hastea gelaxka betetzeko lehen fasea. Bitartean, moldaketa lanen hurrengo faseekin jarraitzen da, 140.000 m³-ko edukiera garbia lortzeko helburuarekin.

B1.1 eta B1.2 eremuetan bilaketa amaitu dute. «Azken eremu horretan egonkortzen ari da goiko aldea, eta laster ekin ahal izango zaio berriro bilaketari», adierazi du Iñigo Urkulluren Gobernuak ohar baten bidez. B1 eta Z6 eremuen arteko mendi-mazelaren erdiko lotura pista ere egin da dagoeneko. Aldiz, lanean jarraitzen dute B1.3 eta B4 eremuekin.

B2 bilaketa eremuan «normaltasunez» ari direla lanean baieztatu dute, «ateratako hondakina aldi baterako hurbileko harrobira eramanez, harik eta B4 guneko gelaxkan materialak metatu ahal izan arte».