INFO

«Bide onean» dagoen Italiak hamar egunez luzatuko du itxialdia

Konfinamendu neurriak apirilaren 13ra arte luzatuko direla iragarri zuen atzo Roberto Speranza Italiako Osasun ministroak. «Gobernuaren erabakia izango da apirilaren 13ra arte zabaltzea jarduerak eta jende mugimendua mugatzeko neurri guztiak», azaldu zuen, hain zuzen, Senatuan egindako agerraldian


Konfinamendu neurriak apirilaren 13ra arte luzatuko direla iragarri zuen atzo Roberto Speranza Italiako Osasun ministroak. «Gobernuaren erabakia izango da apirilaren 13ra arte zabaltzea jarduerak eta jende mugimendua mugatzeko neurri guztiak», azaldu zuen, hain zuzen, Senatuan egindako agerraldian. Berez apirilaren 3ra arte zeukaten aginduta bakartzea eta funtsezkoak ez diren jardueren itxiera eta, beraz, laster eguneratu beharko du dekretu hori.

Gauean, Giuseppe Conte lehen ministroak luzapena gertatuko dela baieztatu zuen, eta ez zuen baztertu apirilaren 13a heltzen denean beste luzapen bat egotea. «Datuak sendotzen hasten direnean, neurriak lasaitzen hasiko gara. Ezin dizuet esan apirilaren 14ean izango denik, zientzialariekk esaten dutenaren araberakoa izango da», esan zuen telebistan egindako agerraldi batean. Gaineratu zuenez, kutsatzeak gutxitzen hasten direnean, «2. fasea» hasiko da, eta, horri esker, neurriak pixkanaka arintzen hasiko dira, eta, ondoren egoera «3. fasera» iritsiko da, hots, Italian «lan-bizitza eta bizitza soziala berreskuratzera».

«Ez gaude neurriak lasaitu ahal izateko moduan, eta hori argitu nahi dut», aitortu zuen bere mezuan, pandemiaren aurkako ekintza horien eraginkortasuna defendatu zuen arren. Europar Batasuneko agintariei, bere aldetik, «ahots indartsu eta bakarrez» aritzeko eskatu zien.

Haurrei baimenik ez

Dekretuaren berriak, atleta profesionalen entrenamendu kolektiboak bertan behera geratzea dakar, eta lehen ministroak gezurtatu zuen etxetik gertu guraso bakar batek lagunduta haurrek paseatzera ateratzeko aukera izango dutenik. Goizean albiste hori zabaldu zen, baina Contek argi utzi zuen adin txikikoek gurasoak erosketak egitera lagundu ditzaketela, besterik ez.

Italiak 13.155 hildako eta 110.574 infektatu ditu, eta Osasun Institutuak adierazi duenez, kurbak goia jo du, nahiz eta atzo aurreko egunetan baino pixka bat gehiago igo. Hortik aurrera, hainbat egun iraungo duen fase lau edo egonkor bat igaro, eta gero jaisten hasiko omen da.

Speranzaren esanetan, une honetan beharrezkoa da «akatsik ez egitea» eta «baikortasun errazean» ez erortzea, «orain arte egindako sakrifizioak arriskuan jar litezke eta; lehen zantzu positiboak ez ditugu hartu behar alarma eten delako seinale gisa», adierazi zuen ministroak. «Bide zuzenean gaudela diote adituek, eta hartutako neurri drastikoak emaitzak ematen hasiak direla. Baina akats barkaezina izango litzateke lehen emaitza hori Covid-19aren behin betiko porrotarekin nahastea, borroka luzea da eta erne jarraitu behar dugu», gaineratu zuen.

Ildo horretan, ohartarazi zuen «txertorik gabe» ez dela inoiz koronabirusaren kontrako borroka irabaziko, eta gaineratu zuen «epe labur batez trantsizio fase hau nola bideratu» jakin beharko dela eta, aldi berean, «agerraldi berrien eztanda saihestu». «Birus hau garaitzeko gure batailan erabakigarria izango da ikerketa zientifikoa», adierazi zuen. Konfinamendu neurriak altxatzeari dagokionez, azaldu zuen «ezinbestekoa» izango dela gaur egun ezarrita dauden neurriak gutxinaka arintzea, «prebentzio neurri mailakatuak eta proportzionalak hartuz, kutsatze foku larriak berriro lehertu ez daitezen».

Horrekin batera, nabarmendu zuen ia «mundu guztiak» hartu dituela eredutzat Italiak hasieran indarrean jarritako neurriak, eta orain arteko bideari eustea beharrezkotzat jo zuen.