Donostiako Orfeoiaren ahotsak konfinamendua arintzeko elkartu dira, pantailaren bestaldean
Musikak elkartuko gaituela diote batzuek eta Donostiako Orfeoiak bi kantatan elkartu ditu bere ahotsak, konfinamenduak diren herritarrei eta, batez ere, koronabirusak kaltetu dituenei, etxeko egonaldia xamurtzeko. ‘Hallelujah’ eta Gatiburen ‘Euritan Dantzan’ abestu dituzte.
Azken asteetan argi geratu denez, konfinamendua arintzeko eta herritarrak alaitzeko bide ari da izaten musika. Elkartasunaren zubia ere bilakatu da. Ikusi ditugu DJak, danborradak, bertsoak eta kontzertuak balkoian, bozgoragailuak ozen, Euskal Herriko musikarien ekarpenak pantailaren bestaldetik, eta, orain, Donostiko Orfeoiak eta bere baitako Orfeoi Gazteak hartu dute erreleboa, nola ez, musikarekin hauek ere.
Covid-19 gaitzaren eraginez bakoitza bere etxean bakartuta egonagatik ere, donostiarrak ziur daude, «musikak elkartuko gaitu», eta Donostiako Orfeoiak ere egin du bere ekarpena, birusak kaltetutako herritarrei «elkartasuna eta maitasuna» helarazteko asmoz.
Orfeoiko abeslarietako batzuk bideokonferentzia bidez Leonard Cohen musikariaren ‘Hallelujah’-ren bertsio berezi bat kantatu dute eta sareetan eskegi, ikus-entzulearen gozamenerako. «Etxean geratu Orfeoiarekin», gomendatu dute.
Halaber, gazteak ere ez dira atzean geratu, eta hauek indarrak batu dituzte guztien artean Gatibu euskal taldearen ‘Euritan dantzan’ abesteko, bakoitzak bere etxetik eta bideo bidez. Enrike Txurrukaren moldaketekin, bertsio eder bat eskaini dute Orfeoi Gazteko kideek.