INFO

EAJk ez du Aberri Egun bateratuan parte hartuko eta ospakizuna sortu zuela erantsi du

Euskal Herria Batera ekimenak bultzatutako Aberri Egunaren ospakizun bereziarekin ez du bat egingo EAJk, astelehen honetan iragarri dutenez. Sabin Etxeko iturriek diotenez, alderdiak sortu zuen eguna eta ospakizun propioa egin nahi du, oraindik jakitera eman ez duen moduan.

Iazko EAJren Aberri Egunaren ospakizuna. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Koronabirusak eragindako konfinamendu egoerak guztiz markatzen du aurtengo Aberri Eguna. Asteburu honetan iragarri denez, dolumina agertu, pandemiari aurre egiten ari direnak omendu eta herriaren etorkizunaren aldeko ospakizun bateratua izango da apirilaren 12an, Euskal Herria Batera ekimenak bultzatua, arlo ezberdinetako dozenaka herritar ezagunen eskutik: bakar batzuk aipatzeagatik, Angel Oiarbide, Gaizka Aranguren, Estitxu Garai, Iñaki Dorronsoro, Nerea Loron “La Furia”, Markel Susaeta...

Ekimen honekin ez duela bat egingo adierazi du EAJk astelehen honetan. Sabin Etxeko iturriek albiste ajentzien bitartez jakitera eman dutenez, ontzat ikusten dituzte Aberri Egunaren ospakizun guztiak baina berea egitea nahiago dute.

Bistan denez, ikurriñak balkoietan erakustea barnebilduko du bere deialdiak, etxetik ateratzeko ezintasuna dela eta. Gainerako zehaztasunak asteazkenean iragarriko ditu Andoni Ortuzar buru duen alderdiak, bai eta adierazpen propioa zabalduko ere.

Sabin Etxetik erantsi nahi izan dutenez, EAJk sortu zuen Aberri Eguna duela 88 urte, 1932. urtean hain zuzen ere, eta balkoietan ikurriñak jartzeko deia «beti» egin du, «aurtengoan arrazoi gehiagorekin».