Zumarragako erresidentziako langileek ELAri bere interesen arabera jokatzea egotzi diote
Zumarragako Argixao zaharren egoitzako 30etik gora langilek salatu dute ELAk beharginak «erabili» dituela, zentralaren beraren onurarako eta «propaganda sindikala» egiteko. «Ez dugu nahi inork hondamendi hontatik errentagarritasunik ateratzea», aldarrikatu dute.
ELAk auzitara eraman zituen asteartean, Gipuzkoako hiru zahar etxe (Tolosako Iurreamendi, Zumarragako Argixao eta Ordiziako San Jose) eta Foru Aldundia, «bertako langileen osasunerako eta bizitzarako eskubidea urratzeagatik». Zumarragako egoitzako zenbait beharginek, baina, zentralaren jokabidea salatu dute, informazioa ukatu dietela-eta.
Prentsara bidalitako ohar batean, Argixaoko 30etik gora beharginek azaldu dute prentsaren bidez jakin zutela ELAk salaketa jarri ziola zentroari, eta ezein ordezkarik ez ziotela honen inguruko azalpenik eman.
Gauzak horrela, argitu nahi dute sindikatuak egindako aldarrikapen batzuekin ados daudela, horrelako egoera batean, instituzioen aldetik «babes gehiago» behar zutela, kasurako. Hala ere, gaitzetsi dute ELAk ez duela «kritika konstruktiborik egin», ezta egoeraren inguruan formakuntza jasotzeko ahaleginik egin ere.
Kontrara, «lankideak» egiten ari diren ahaleginak goraipatu dituzte, «beren burua formatzen, informatzen, beren onena emanten ari diren horiei guztiei». Segurtasun ekipamenduaren inguruan ere, onartu duten arren instituzioek ez dietela baliabide nahikoa helarazi, ziurtatu dute beharginek ahaleginak egin dituztela, beraien partetik, «ahal den modu seguruenean lanean aritzeko».
«Horretaz aparte, protokoloak berrikusten erakundeko beste hainbeste pertsona aritu dira, ordutegirik gabe, goizetik gauera, astegun zein jai egun lanean, Osasun Ministerio zein beste erakunde batzuek egunez egun emandako ordena berri guztiak eguneratzen eta era praktikoan eta ulerkorrean guri helarazten», gaineratu dute.
Hau esanda, kritikatu dute ELAk ez duela «inongo ekarpenik» egin langileek antolatutako taldeetan.
Sindikatuak eskatutako bide beretik, bestalde, sektorean lan-baldintza duinak eskatu dituzte «Bada garaia hitzarmen eta ratio duin batzuk izateko, izan ere, egoera hau, hobeto edo okerrago, langile guztiak ari gara aurrera ateratzen. Osasuna galtzen ari gara gure lanpostuetan eta horregatik erantzukizunak eskatzen ditugu», aldarrikatu dute. Alta, sindikatuarekiko jarrera berretsi dute: «ELA, denak ez du balio!».