INFO

Sortuk salbuespenezko legedia eteteko eskatu du, Preso Politikoen Nazioarteko Egunaren bezperan

Preso Politikoen Nazioarteko Egunaren bezperan, Sortuk euskal preso politikoek pairatzen duten salbuespenezko legediaren amaiera eskatu du. Indar abertzaleak etxeratzea defendatu du, «Euskal Herriarentzat ez ezik, Espainiarentzat eta Frantziarentzat ere onuragarria litzateke, eredu osasuntsu eta demokratikoagoak eraikitzen laguntzen baitu».

Bilbon egin zen presoen eskubideen aldeko manifestazioa. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Sortuk euskal preso politikoakgogoratu nahi izan ditu Preso Politikoen Nazioarteko Egunaren bezperan, aurten osasun krisiaren ondorioz inolako ekitaldi politikorik gabe egin beharko dena. Hala ere, Sortuk azpimarratu duenez, «euskal preso politikoak dakartzagu gogora, eta haiek bizi duten egoera jendarteratu eta salatzen dugu».

Indar abertzaleak jakinarazi duenez, erakundeak udaletatik hasi eta goreneko instituzio guztietan jarraituko du lanean, «azken euskal preso politikoa etxeratzea lortu arte», eta eskubideen aldeko borroka «instituzioetan ez ezik, kalean ere» aldarri hori eta lan hori egiten jarraituko dute.

Kaleratu duen oharrean, preso politikoen aberriratzearen aldeko «adostasun politiko eta sozial zabalari» egin dio erreferentzia, eta hori beharrezko pausotzat jo du: «Euskal Herriarentzat ez ezik, Espainiarentzat eta Frantziarentzat ere onuragarria litzateke euskal presoen egoera konpontzea, jendarte eredu osasuntsu eta demokratikoagoak eraikitzen laguntzen baitu».

Oharrean, Sortuk gogorarazi du gaur egun 236 euskal preso politiko espainiar eta frantziar espetxeetan barreiatuta eta Euskal Herritik 500 kilometrora baino urrunago daudela. 70 presok baino gehiagok beren zigorraren hiru laurdenak bete dituzte, beraz, legediaren arabera libre izan beharko lukete.

Erakunde abertzaleak Jose Angel Ochoa de Eriberen heriotza ere salatu du, bere gaixotasunaren larritasunagatik kartzelatik irten eta lau hilabetera.

Euskal preso politikoez gain, Sortuk ez ditu ahaztu «munduko edozein herritan, edozein lekutan ideia politiko askatzaileen alde borrokatzeagatik preso dauden pertsona guztiak».