INFO

ACB Ligak hamabi talderekin azken fase bat jokatzea onartu du

Egoitza erabaki gabe dagoen arren, guztira 33 partida jokatuko lirateke bi astean, Bilbao Basket eta Baskonia tartean direla. Maiatzak 31a ipini dute aurrera egin ala ez erabakitzeko epemuga moduan. Jaitsierarik ez da egongo, eta Gipuzkoa Basketek Espainiako Federazioak dionaren zain geratu beharko du.

Schreiner, Miribillako partida batean (Aritz LOIOLA / FOKU)

Saskibaloiko ACB Ligak aurtengo denboraldia amaitzeko ildo nagusiak onartu ditu aho batez modu telematikoan egin duen batzarrean. Aurrez jakitera eman zuten moduan, ideia hamabi talde onenak egoitza bakarrean bildu eta txapelduna lehiaketa motz baten bitartez erabakitzea litzateke.

Zehazki, hamabi talde horiek bi multzotan banatuko lirateke, ACB Liga gelditu behar izan zenean indarrean zegoen sailkapena nolabait errespetatuz. A multzoan Bartzelona (1), Tenerife (4), Bilbao Basket (5), Baskonia (8), Unicaja (9) eta Joventut (12) sartuko dira; B multzoan Real Madrid (2), Zaragoza (3), Andorra (6), Valencia (7), Burgos (10) eta Gran Canaria (11).

Multzo bakoitzean talde bakoitzak bost partida jokatuko lituzke, denak denen aurka itzuli bakarrera, eta multzo bakoitzeko bi onenak finalerdietara sailkatuko lirateke. Bai finalerdiak eta bai finala ere neurketa bakarrera jokatuko dira, modu horretan bi astean guztira 33 norgehiagoka jokatuz.

Beti ere osasun egoerari begira

Lehiaketak egoitza bakarrean bilduko lituzke hamabi taldeak. Kanaria Handia prest agertu zen antolatzaile lanetarako, Covid-19ak espainiar Estatuko beste inguru batzuetan baina eragin leunagoa izan duela argudiatuz, baina hainbat hedabidek zabaldu dutenez, Andorra ere antolatzaile izateko prest agertu omen da gaurko batzarrean.

Lekua erabaki gabe dagoen arren, ACBk epemuga jakin batzuk onartu ditu. Alde batetik, maiatzaren 31a izango da beranduenez lehiaketa egiten den ala ez erabakitzeko eguna –ordurako ezin bada jokatzea ziurtatu, Liga bertan behera geldituko da eta ez da txapeldunik izango–.

Bestetik, azken fasea uztailaren 10erako amaitu beharko da eta taldeek gutxienez hiru aste izango dituzte lehiaketa prestatzeko.

Jaitsierarik ez

Batzarrean baieztatutako beste puntua jaitsierarik ez egotearena izan da, baina ez dute zehaztu igoerarik izango den ala ez. Afera horrek zuzen-zuzenean eragiten dio Gipuzkoa Basketi, ACB Ligara igotzeko aukera aparta zuelako aurten, baina horretan Espainiako Federazioak ere izango du zer esana.

«Klub guztiek ulertu dute Ligaren heren bat jokatu gabe ezin dela talderik mailaz jaitsi», azaldu du ACBren komunikatuan Antonio Martin presidenteak. Espainiako Kirol Kontseiluarekin «harreman eta sintonia etengabean» daudela ere gaineratu du.

Gipuzkoa Basketentzat aukera bakarra maila nagusian 18 taldetik 20 taldera igarotzea litzateke, baina ACB Liga beti agertu izan da horren aurka, Europako lehiaketak tarteko talde nagusiek egutegia oso betea izaten dutelako.